Alternatibako bozeramaile eya EHBilduren parlamentari Oskar Matute pentsaurrekoan agertu da gaur Kutxabank gezurren bitartez PNVbank-ean bilakatu dela salatzeko. Orain PNV da Kutxabanken jabe eta jaun bakarra, inolako kontrol publikorik ez duena.
PNVk badu bere bankua, PNVBANK. Urkullu, Ortuzar, J.L. Bilbaok jaunak… badute dagoeneko aspalditik amesten zuten bankua.
Atzokoan, Euskal Herrian eman den iruzur handienetariko bat gauzatzeko lehen urratsa eman zen. Gezurretan eta izkutuan saiatu dira Kutxabank bereganatzen eta atzo inolako lotsarik gabe baina herritarron kontrako erantzun zabalarekin lapurreta burutu zuten. Legez agindutakoa zela, ez dela pribatizaziorik emango, ez dela etxekaleratzerik egingo… gezurretan behin eta berriro. Legeak behartzen duela esatea gezurra da, PNV PPrekin adostu eta onartu baitzuen lege hori Madrilen. Gainera, atzokoan orainarte publiko izan diren batzarrak izkutuan eta poliziaren biolentzia eta mehatxupean burutu zuten. Hain garbia eta gardena bazen prozesua, zergatik izkutatzeko behar hori?
Kutxabank PNVbank bihurtu dute, PNV egin baita, inongo kontrol publikorik gabe, Kutxabanken jaun eta jabe. Eta hori da atzo egin zutena, hiritarren aurrezkiekin eraikitako kutxaren gainean kontrol publikoa desagertarazi. Beraz, ekainaren 30etik aurrera PNVbankek burutuko dituen ekintza guztiak Urkulluren alderdiaren borondatearen araberakoak izango dira.
PNV, PSE, PP eta CCOOek erabaki dute 15 ustezko “tekniko independente” jartzea Patronatuan. Baina ustezko “tekniko” horiek Neguriko finantza-oligarkiaren interesak defendatuko ditu, ez herritarronak.
Behin Vital eta BBK-ko batzarrek kutxak fundazioetan bihurtzea erabakita, urteetako ondare ekonomiko eta sozial guztia, besteak beste Kutxabankeko akzioen % 68-a, fundazio bankario pribatua gidatuko duten patrono gutxi batzuen eskutan geldituko da. Betirako amaituko da urteetan egon den kontrol publiko eta soziala eta Kutxen hasierako asmoak, bereziki bertako ekonomia eta herritarren interesen araberako finantza entitatea izatearena, betirako amaituko dira. Kutxabankeko presidenteak eta presidente ordeak, Fernandez eta Iturbe, esan duten bezala, pribatizazioari ekingo zaio, instituzioen bultzadaz eta herritarren aurrezkietatik sortutako kutxa eta bankua, espekulazioa helburu duen banku bat izateko bideari ekingo dio.
Beraz, PNVbanken jarduera politikoak aurreikus dezakegu etxegabetzeekin, IRPH eta pribatizazioarekin jarraituko duela.
Kutxabank da Hego Euskal Herrian etxekaleratze gehien burutzen dituen entitate finantzieroa. Amaia Azkue hil zenean Kutxabank-en etzuela etxekaleratzerik burutuko esan bazuten ere harrezkero etxekaleratze andana burutzen dihardute. 2013ko azaroak 1ean, gehiegizko klausulatzat joa izan den IRPH klausula, bertan behera utzi behar zen baina Kutxabank-ek ez du bertan behera utzi, horrek hilero, IRPHa duenari, 200-400 euro gehiago ordaindu behar izatea dakarkio. Epaile batek, gai honetan, Kutxabanken kontrako ebazpena atera badu ere, oraindik orain IRPH aplikatzen jarraitzen du.
Hau da orainarte egin dutena. Zer ez ote dute egingo aurrerantzean? UPNk Nafarroako CANekin egin zuena hortxe dugu, eta PNVk, Nafarroan bezala, PPren eta PSOEren laguntzarekin, bide hori jarraitzea erabaki du.