Estatu espainiarrak presoei eragindako mina erabiltzen ari da EAJ gaurkotasunaren arreta mahi gainean dauden gai garrantzitsuenetatik aldentzeko asmoz, jeltzaleen Euskadi ereduaren porrot ikaragarria irudikatzen dutelako.
Euskal preso politikoek zigorra pairatzen ari dira, egungo garai politikoarekin zein euskal gizartearen gogoarekin bat ez datorren zigorra. Eta hala ere, ezin daiteke esan gatazka gainditzeko eta elkarbizitza eraikitzeko urratsak egiten ez direnik. EAJ arduragabekeriaz jokatzen du herritarren artean kezka sortzen duen gatazka beren gabeziak ezkutatzeko baliatzen dituenean.
Eta bitartean, EAJk oraindik ez du argitu eskubide urraketa hauen eta beren ondorioen gainean non kokatzen den. Sakabanaketak istripuak eragiten dituela eta legearen arabera gaixotasun larriak dituztelako aske egon behar luketen presoak ziegan jarraitzen dutela, norekin dago EAJ? Euskal gizartearen gehiengoaren borondatearekin edo Madrilera begira? Momentuz bigarrena hautatzen duela dirudi.
Euskal gizartea engainatzeko taktikaren azkenean gaude. Kutxabanken kontrol publikoarekin bukatzeko prozesua bultzatu dute eta Fundazioen Batzarretako eserlekuak tarta pribatua balitz bezala banatu dituzte. Madrilen onartutako legediaren ustezko inposaketaz ari dira, Kutxa eta Banku Fundazioen legea haiek onetsi zutela ezkutatu nahian.
Bizkaiko fiskalitate zuzenaren istorioa behin eta berriro errepikatzen digute, errealitateak aberastasunaren bidezko banaketari begira dauden eredu progresiboagoak badirela erakusten digunean, eraginkorragoak eta haien iragarpen apokaliptikoak betetzen ez diren bitartean.
Eusko Legebiltzarrak Epsilon-Hiriko kasuari lotutako ikerketa komisioa ixtear dago, EAJk diru publikoa enpresa pribatuetara bideratzeko duen zaletasun handia agerian utzi duena, besteak beste, Abiadura Handiko Trenaren lanetan atzemandako irregulartasun larriak.
EAJren kudeaketa zuzenaren irudipen horrek lurra jotzen ari du eta Itxaso Atutxak, aurretik Ortuzar eta Erkorekak egin bezala, euskal preso politikoen sufrimenduaren atzean ezkutatzen saiatzen da.
EHBildu