Hedabideetan argitaratutako informazioak kontuan hartuta, eta kaltetutako udaletxeetan gertatu denaren lekukotzak jaso ondoren, EH Bildutik eskandalutzat baino ezin dugu hitz egin, erabat eskandalagarria baita gertatzen ari dena.
Eskandalu honetan Urkulluren Gobernua zuzenean inplikatuta dago, eta bereziki Ana Oregi sailburua eta zuzentzen duen saila.
Lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzak legez kanpoko jarduerak izan dituzten obrak lizitatu ditu, epaileek eta ebazpenek frogatutako jarduera ilegalak. Enpresa eraikitzaileen eta Eusko Jaurlaritzaren balizko alegazioak ezerezean uzten dituzte epai hauek, hormigoi lantegiek AHTren obren ezinbesteko parte direla ezeztatuz.
Ezin larriagoa da, halaber, legez kanpoko hormigoi lantegiak mozkin ekonomiko ikaragarria direla enpresa eraikitzaileentzat, izan ere, hormigoia merkatu salneurrian saltzen ari dira prezio erdia ekoizten ari diren arren, Eusko Jaurlaritzak arautu gabeko jarduera gisa aritzeko aukera ematen dielako inolako kontrolik eta zergarik gabe.
Egia balitz, Eusko Jaurlaritzak dioenez, hormigoi lantegiak AHTren proiektuaren parte direla, haien eraikuntza trenbidearen proiektuan jasota egongo litzateke, hormigoia merkatuko prezioan erosteko milioietako gastua soberan egongo litzatekeela.
Honen jakitun, ezikusiarena egin eta inolako lizentziarik gabeko hormigoi plantak bere ardurapeko obretan operatzea eta aberastea onartzen du Lakuak, ezertxo ere ez egin gabe.
Beraz, legez kanpoko hormigoi lantegietan porlana prezio erdian ekoiztea onartzen ari al da, Eusko Jaurlaritzak, guztion diruarekin, merkatuko prezioan erosita? Gasteizko gobernuaren onespenarekin egiten ari dira?
Hau gutxi balitz bezala, udaletatik enpresengana jotzen denean legea bete dezatela, Eusko Jaurlaritzatik ezikusiarena egitera eta legez kanpoko jarduerak babestera bultzatu eta behartu ere egiten dituzte. Guztia aipatutako epaiek ezarritako irizpideen kontra.
Guzti hau ikusita, pentsatu beharko dugu ez ote duen Eusko Jaurlaritzak onartzen, edo bultzatzen ere, iruzur handi bat, guztion diruarekin eginiko iruzurra, hormigoia benetan balio duenaren bikoitza ordainduta. Eta gainera, udalak legearen kontra jokatzera bultzatu nahi ditu, honen gaineko epai irmoak baztertuta.
Horregatik, Ana Oregi sailburuari gai honen inguruan azalpenak berehala emateko exijitzen diogu, azal dezala zergatik gobernuak legez kanpoko jarduera hauek onartzen dituen, enpresa hauek guztion kontura aberastea zergatik onartzen duen eta, gainera, zergatik bultzatzen dituen udalak legez kanpoko ekintza berdinak egitera. Eta ez zaizu balio, Oregi anderea, joan den astelehenean esandakoa, alegia, “hau obra publiko ugarietan gertatzen dela”, hala bada, esku artean irregulartasun gehiago dituzuela esan nahi duelako.
EHBildutik, eskandalu hau argitzeko ahaleginean, Eusko Jaurlaritza eta ingurumen sailaren kontra har daitezkeen ekintza legal desberdinak aztertzen ari gara, berriz ere agerian gelditu baita AHTren lanen onuradun bakarrak, herritarrak izan beharrean, gure diruaren kontura aberasten diren alderdi eta enpresak direla.
Eta behar bestetan errepikatuko dugu, proiektu honen gainean berehalako moratoria bat eza dezatela, eta egin beharrekoak aztertu ondoren, herritarrek erabaki dezatela.