EHBilduk hurrengo ikasturteari begira bere plangintza eta programa osatzeko parte hartze prozesu bat jarri du abian. Ekimen honekin herritarrei eta batez ere haien iritziari eta eguneroko politikagintzako parte-hartzeari garrantzi berezia eman nahi diogu. Horregatik, parte-hartze prozesu irekia abian jarri dugu. Irailaren 6an ekitaldia egingo dugu, ikasturterako plangintza eta programaren lerro nagusiak zehaztuz.
EHBilduren oinarri ideologiko nagusietako bat da politika egiteko bestelako eredu berri bat indarrean jartzea: herritarrengandik eta eragile sozialengandik hurbila, haien iritzia entzun eta aintzat hartzen duena, arreta haien benetako interesetan jartzen duena… Azken finean, herritarrak eta haien beharrak eta interesak dira gure eguneroko jardun politikoaren ardatza. Besteak beste, horretarako jaio ginen eta etorri ginen taula politikora. EHBilduk herritarrekin eta herritarrentzat egin nahi dugu politika. Politikan aritzeko beste modurik ez dugu ulertzen.
Esan dugun bezala, hurrengo ikasturte politikoari begira EH Bildutik beste urrats bat eman nahi dugu zentzu horretan, eta urteko plan politikoaren plangintza gure oinarri sozialarekin eta herritar ororekin batera prestatu nahi dugu.
Komunikaziorako tresna berriek eskaintzen dituzten abantailak erabiliko ditugu horretarako, eta EH Bilduren webgunean -www.ehbildu.eus- ere atal berezi bat irekiko dugu. Baina ez gara horretara mugatuko, eta aurrez-aurreko ekarpen, iritzi edo kritika guztiak entzuteko eta aintzat hartzeko prestutasun osoa daukagu. Azken baten, EHBilduren ateak oraindik eta gehiago zabalduko dizkiegu herritarrei eta eragile sozialei.
Egin nahi dugun auzolan horretarako sarbide nagusia, esan bezala, koalizioak bere webgunean jarriko duen atal berezia da. Bertan egin ahal izango du bere ekarpena nahi duen orok. Ekarpenak modu eraginkorragoan egin eta biltzeko asmoarekin, atal berezituak jarriko ditugu bertan: euskara, hezkuntza, burujabetza ekonomikoa, Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren politika ekonomikoak, AHT, Kutxabank eta euskal finantza sistema, alor sozial eta ekonomikoaren eztabaida estrategikoak, tokiko garapena, energia eta elikadura burujabetza, osasungintza, politika feminista, politika egiteko bestelako eredu gardena eta herritarra eta askatasuna eta eskubideak. Modu horretan laburbildu nahi izan ditugu gaiak, baina horrek ez du esan nahi herritarren eta eragileen ekarpenak horretara mugatu behar direnik.
EHBilduren helburua politikagintza egiteko bestelako ereduan oraindik eta gehiago sakontzea delako, egungo eredua goitik behera eraldatuz, edo hobe esanda, behetik gora eraikiz. Politikagintza herritarra eta gardena egin nahi dugulako, herritarren kezkak eta interesak entzun, aintzat hartu eta erabakiguneetara eraman nahi ditugulako. Laburbilduz, politikagintzaren jardunaren ardatza herritarrengan eta haien interesetan jarri nahi dugu, eta ez elite ekonomiko, sozial eta politikoen ezkutuko interesetan. Bide horretan, jauzi kualitatibo garrantzitsua eman nahi dugu hurrengo hilabeteetan.