Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko kideak agerraldia egin du gaur Donostian, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanetan gertatutako azken gorabeherak baloratu eta Jaurlitzari proiektua geldiaraztea eskatzeko.
Sindikatuek eta hainbat komunikabidek egunotan zabaldutako informazioen arabera, Eusko Jaurlaritzak aurrera doa inora doan trena eraikitzeko helburuan. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren helmuga bakarra diru publikoa xahutzearena dirudi. Guztion dirua, krisiaren ondorioak pairatzen dituzten milaka lagunen onurako erabili beharko litzatekeen dirua
Dagoeneko, ez Lakuak ezta Oregiren sailak, ez dakite zertan amaituko den AHTren abentura; gogora dezagun, guztiok ordaindu beharreko abentura dela. Eta horrexegatik, EH Bildutik obretan ematen diren istripu zein garestitze guztiak salatzen jarraituko dugu.
Gauza biak gertatu dira, berriz ere, Zumarragako tuneleko lanetan. Trenbidearen zati hau proiektuaren eredugarri bihurtu nahi dute baina kaosaren eta diru xahuketaren eredugarri izateko bidean dago.
Azken berriek diote tuneleko obrak, gutxienez, beste lau hilabetez luzatuko direla gertatu berri diren lurjausien ondorioz. Ez dakigu, gainera, istripu berri honek langileak arriskuan jarri dituen. Izan ere, AHTren obrak hasi zirenetik, gutxienez, sei izan dira lanean hildakoak eta dozenaka zaurituak.
Trenbidearen zati honetako metro bakoitzak 35 mila euroko kostua dauka. Horiek dira herritarrentzat datu eskandalagarriak, eta ez alkate arrazista batek egin ahal dituen adierazpen faltsuak. Eta badirudi, ibilbidearen zati hau diru publikoa irentsiko duen putzu handia dela, proiektua osoa bezala, guztira 5.000 milioi euroko kostua izango baitu, gero eta gehiago garestitzen ari dela ahaztu gabe. Zati honengatik gainera, salaketa aurkeztu da Lan ikuskaritzan, tunelaren azken 500 metroko tartea erabat geldirik dagoelako.
Eta hau gertatzen ari da, osasun sistemako sindikatuek Lehen Arretan eta ospitaleetako oheetan murrizketak egin direla salatu dutenean. Osakidetzak ukatu egin du hala denik, baina benetako datuen berri dugunean onartu beharko dute, dagoeneko jakin baitugu ekainetik uztailera ia 500 ohe murriztu zituztela Autonomia Erkidegoko ospitaleetan.
Gogoratu behar dugu AHTren inguruan emandako eskandaluetako bat besterik ez dela hau: Gain-kostu izugarriak, jaurlaritzak babestutako hormigoi lantegi ilegalak, inoiz erabiliko ez dituzten trenbide zatiak, lan baldintza kaskarrak obretan Ikuskaritzak beste alde batera begiratzen duela eta abar luze bat
Guzti horregatik, berriz ere diogu Urkulluren gobernuak inora ez doan proiektu zoro hau gelditu behar duela, horretarako berehalako moratoria ezarrita. Aski da herritarren dirua xahutzeari ergelkeria politikoaren monumentua bilakatu den trenean, bitartean euskal gizartearen duintasuna eta eskubideak, hamarkada luzeko borrokaren ostean lortutakoak, galtzen diren bitartean. Pentsa dezagun nora doan proiektua eta herritarrek erabaki dezatela zer egin.