ISIL taldea, Ekialde Hurbilean, egun hauetan, komunitate etniko eta erlijioso desberdinen aurka aurrera eramaten ari den ofentsibaren aurrean, EHBilduk ondorengoa adierazi nahi du:
Kurdistandik, erregio honetako gutxiengoen genozidio arriskuaren inguruan helarazten ari zaizkigun berriak direla eta zeharo kezkatuta gaude.
Egun hauetan, Irak iparraldeko nahiz Kurdistan hegoaldeko kristau, asiriar, ezidi, chiita eta aluitar komunitateak ISILen jazarpen sektario eta totalitarioaren biktima izaten ari dira.
Arrazoi horregatik, milaka zibil erailak izan dira eta milaka emakume bortxatuak eta esklabo gisa salduak izan dira. Era berean, 40.000 pertsona baino gehiagok (Turkomanoak, ezidi kurdutarrak) Shengal mendian errefuxiatu beharrean aurkitu dira. Bertan ez dute ez urik ez elikagairik, hamarnaka lagun hiltzeko arrazoia izan da. Kurduar gerrilla hauek babestera hurbildu badira ere, ISILen ofentsibak aurrera darrai komunitate hauen aurka.
Horregatik, EH Bilduk:
1.- Ofentsiba hau jasaten ari diren herri nahiz komunitateei elkartasun agur bat helarazten die.
2.- Indar kurduek, desberdintasunen gainekin, kurduen nahiz bestelako gutxiengo ez kurduen giza eskubideen defentsan elkarrekin joateko egin duten esfortzua agurtzen du.
3.- Hego Kurdistango Gobernu Erregional Kurduarren autoritateek nahiz oro har indar kurduek errefuxiatu guztiak (kristau, asirio, ezidi, chiita, alauita eta turkomanoak) jasotzeko eta babesteko azaldutako disposizioa aitortu eta eskertzen du
4.- Nazioarteko komunitateak errefuxiatuak babestu eta hauei laguntza eskaintzeko deia egiten du
5.- Gure babes osoa adierazten diegu milizia kurdu eta Gobernu Erregional Kurduari giza eskubideen defentsan betetzen ari den funtzioetan.