Irailaren 22an 28 euskal gazteren kontrako epaiketa hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segi erakundeko kideak izatea leporatuta. Enegarren aldiz, militantzia politikoan aritzea delitu bakarra duten gazteek kartzela zigorrei aurre egin beharko diete. Euskal Herria Bildutik, berriz ere, euskal herritarren kontrako – bereziki gazteen kontrako- epai politikoen amaiera exijitzen dugu. Gizarteak ozen adierazi du, behin eta berriro, gatazka gainditu eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatuko dituen Euskal Herria eraiki nahi duela; eta bide horretan, hamar egun barru hasiko denaren moduko epaiketa politiko guztiak lekuz kanpo daude.
Egoera larri honetan dauden gazteekin elkartasunean, gaurtik igandera “Asteburu laranja” deritzonaren baitan dozenaka ekitaldi antolatu dira Euskal Herriko hainbat auzo, herri eta hiriburuetan. EH Bilduk gure kaleetan izango diren elkartasun uholdeekin bat egin nahi dugu eta, horregatik, herritarrei beren eremuko ekitaldietarako joateko deia egiten die.
Horrez gain, koalizioko ordezkariak ere kalean izango dira, tokiko ekimenetan zein igandean Gernikako Astra kultur zentroan egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzeko. Han izango dira, besteak beste, Maribi Ugarteburu, Diana Urrea eta Arri Zulaika EH Bilduko Gasteizeko legebiltzarkideak, koalizioko beste kideekin batera, Jon Salaberria kasu.