Lehen mailako hainbat gertakari politikoek, Estaturik gabeko herrientzako eta bere herritarrentzako garai oparoak datozela iragartzen dute. Pasa den ostegunean Catalunyako Diada Nazionala ospatu genuen, datorren azaroaren 9an katalanek Estatu independentea osatzeko egingo duten ariketari elkartasuna adierazteko.
Modu berean, gaur bertan Eskozia erabakitzeko eskubidearen ariketa burutzen ari da Estatu independentea izan nahi ote duen argi eta garbi adierazteko.
Erreferendumaren emaitzetatik haratago, Eskoziak dagoeneko irabazi du. Erresuma Batuko gobernuak Eskozia erabakitzeko eskubidearen subjektu politikoa dela aitortu du eta ondorioz autodeterminazio ariketa burutu da gaur bertan. Hau guztia itzuli ezinezko erreferentzia bilakatuko da eskubide horren ariketa noizbait egin ahal izateko borrokan ari diren Europako nazio guztientzat.
Hasteko, Eskoziako erreferendumak nabarmen utzi du autodeterminazio eskubidea guztiz aplikagarria dela XXI. mendeko mendebaldeko Europan, eta gainera adostutako prozedura baten bidez gauzatu daitekeela. Eskoziakoak agerian uzten du estatuen jarrera ez dela demokratikoa eta helburu bakarra dutela, hots, beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duten herrien askatasuna indarrez ekiditea.
Bitartean, Madrilek erabakitzeko eskubidearen aldekoak iraindu eta espetxe zigorrez mehatxatzen gaitu. Eskozia, Catalunya eta Euskal Herriko prozesuen arteko desberdintasuna aurrean dauzkagun Estatuen baitakoa da: Erresuma Batuak eskoziarrei eskaintza demokratikoa egiten dien bitartean, katalanei eta euskaldunoi hitza ukatu egiten zaigu, baita nazio izaera bera ere eta ondorioz herri gisako eskubide politikoak.
Erreferenduma gertatu izanak akuilua izan behar du katalanek eta euskaldunok gure etorkizuna libreki erabaki ahal izateko. Gehiengo sozial eta politikoek eskubide hori babesten dute eta horregatik, dudarik ez daukagu euskaldunok gure etorkizuna erabaki ahal izango dugula.
Horretarako beharrezkoa da herri gisa pentsatu eta ekitea, alde guztiok izan ditzakegun ikuspegi partikularretatik harago. Euskal herritarron askatasunak gizarte osoaren konpromisoa eskatzen du. Adostu dezagun burujabetzarako euskal bidea. Horrek erabakitzeko dugun eskubidearen defentsa eta ariketarako akordioen beharra jartzen du mahai-gainean. Gure ardurari eustea eskatzen zaigu, ihesbide antzuak bazter utzita. Zailtasunak zailtasun, helburu bat daukanak horretarako bidea aurkitu ohi du; aldiz, ezer egitea lehenesten duenak aitzakiei eutsi besterik ez du egiten.
Gaurkoan poztasun handiz ari gara ospatzen eskoziarrek burututako autodeterminazio eskubidearen ariketa. Modu berean, azaroaren 9an katalanek burutuko duten kontsulta babestu nahi dugu; epe motzean Euskal Herria ere bere buruaren jabe izango den segurtasunarekin. Gure esku dago; gero eta gehiago gara.