Alternatibako bozeramaile Asier Vegak deitoratu egin du Eusko Jaurlaritzak iragarritako azken neurria “enegarren aldiz diru publikoa oparituko diena gazteak baldintza prekarioetan kontratatzen dituzten enpresei”. Lanbide enplegu zerbitzuak iragarritako planaren harira egin du salaketa, izan ere, 3 milioi euro erabiliko ditu erakunde honek 34 urte bitarteko gazteek atzerrian egingo dituzten praktikak beste herrialde batzuetan ezarrita dauden euskal enpresetan. Hala, “plan honek aurkeztutako berrikuntza bakarra prekarietatea gure mugetatik haratago ere finantzatzean datza, dagoeneko pairatzen dugun deserriratze prozesuan sakonduz”.
Plan hauek, ezkerreko alderditik kritikatu dutenez, “enplegua sustatzeko ekimen gisa mozorrotuta, ere, euskal gazteen artean prekarietatea areagotzeko besterik ez dute balio”. Ildo beretik, eta “Lehen aukera” izeneko plana gogoratuta zeinek gazteentzako lanaldi osoko hiru hilabeteko kontratuak sustatzen zituen gutxieneko soldataren azpitik ordainduta, nabarmendu du sektore pribatuan “nekez hartuko dituztela gazteak baldintza duinetan instituzioek lan prekarioetan kontratatzea diruz laguntzen duten bitartean”. Era berean, Urkulluren gobernuak sektore publikoen eginiko murrizketekin, “zuzenekoak zein azpikontraten bidez eginikoak”, zaila da lan merkatua suspertzea.
Horregatik, Alternatibatik euskal gazte guztiei mota honetako politika atzerakoiak salatzera eta hauen kontra protestatzera dei egin diete, lan prekarioekin zigortuak izan ez ezik, ‘erabili eta bota’ baliabide bihurtzen dituelako hurrengo diru laguntzaren zain geratzen diren bitartean. Bukatzeko, bozeramaileak “bere lan politikari 180 graduko bira ematera” premiatu du Lakua, “belaunaldi oso bat galtzea ekidin nahi bada”.