EH Bilduk bihar politika orokorreko osoko bilkuran mahai gainean ipiniko dituen ardatz nagusien berri eman du gaur. Juanjo Agirrezabalak eta Oskar Matutek iragarri dutenez, koalizioa, PPren eta PSEren itxikeriaren gainetik, bake prozesua desblokeatzeko urratsak ematen jarraitzeko borondatea berretsiko du, pertsona guztien giza eskubideak, presoenak barne, bermatzeko eta biktima guzti-guztiak duintasunez aintzat hartzeko.
Euskal Herriak erabakitze eskubidea gauzatzeari begira, EH Bilduk aurrerapausoak ematen hastearen aldeko apustua egiten du eta bide horretan elkarlanean aritzea eskaintzen die helburu hori bera duten eragile guztiei. Norabide horretan Eskozia eta Katalunia eredu direla gogorarazi ondoren, Agirrezabalak eta Matutek adierazi dute Euskal Herrian ere inakzio politikoa gainditzeko unea iritsi dela. Diotenez, “ezin gaitezke Gobernu espainola mugitzearen zain egon”. Hori dela eta, erabakitze eskubidearen defentsak funtsezko elementua izan behar du jardun politikoan, “hemen erabakitzea ezinbesteko baldintza izango delako euskal jendarteak egunero dituen arazoei erantzun argia eta zuzena eman ahal izateko”.
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideek Madrilek egindako inposaketak eta murrizketak salatu dituzte, arrakala soziala handitzen dutelako. Errealitate hori kontuan hartuta, koalizioak eskua luzatzen die Gobernu espainolaren erasoei aurre egin nahi dieten eragile guztiei, Rajoyk bultzatutako prozesu murriztailea geldiarazteko. Finean, “herriari herriarena dena itzultzeko ordua da”, esan dute Agirrezabalak eta Matutek. Hau da, ditugun tresnak, Kutxabank esaterako, herriaren mesedetan jarri behar da eta guztion dirua ezin da erabili gutxi batzuk aberasteko AHT bezalako azpiegitura erraldoiak eginez edo, etorkizunean, frackingaren bidez; ditugun baliabideak jendearen benetako beharrei erantzuteko erabili behar dira”.
EH Bilduk pertsonekiko eta haien beharrekiko duen konpromisoa ez da agertzen, ordea, Jaurlaritzaren jardueran, ez baita langabeziari eta injustizia sozialei aurre egiteko gauza”. Izan ere, “PPk bezala, EAJk ere interes ekonomikoen menpe ipini du bere burua, herritarren zerbitzari izan ordez”.