Abortuaren legearen proiektuaren porrota ospatu nahi dugu, Apezpiku Batzarraren esanetara dagoen gobernu ultra atzerakoiaren eta amatasuna zein sexualitatea ulertzeko emakumeen errealitate anitzen arteko distantziaren froga delako. Kontrarreforma honen porrotak gobernua agerian utzi du, gehiengo absolutuarekin ere, ezinezkoa izan duelako argi eta ozen hitz egin duen gizartea makurraraztea, urte luzeetako borrokari esker lortutako eskubideei uko egiteko prest ez zegoelako.
Horregatik, gaurkoan, EH Bildu osatzen dugunok gizarte osoaren garaipen hau ospatzen dugu, bereziki borroka feministaren lorpena dela ahaztu gabe, batera eta antolatuz legea geldiaraztea lortu dutelako. Gure bizitzen gainean erabakitzeko eskubidea ukatu nahi ziguten, oinarrizko eskubidea dena.
Ospatu beharra dago, halaber, Espainiako estatuaren porrot honek izan duen ordaina, izan ere, emakumeak trukerako txanpon gisa erabiltzeko ahaleginak, emakumeak tutelatzeko borondatea beti azaltzen duten ultraeskuindarren mesederako edota gure gorputz zein eskubideak hauteskundeetako emaitzei begira erabili izanak kale egin dielako.
Patriarkatuaren eraso berri honekin atzera egin eta Gallardonek kargua utzi izanak antolatutako emakumeen borrokaren isla dira, aspalditik eta oztopoen gainetik, emakumeak beren bizitzaren jabe direla defendatu duen mugimendu feministaren lorpena.
Adierazitako guztiarengatik, EH Bildutik abortatzeko eskubidearen nazioarteko egunaren harira Euskal Herrian asteburuan antolatutako elkarretaratze desberdinetan parte hartzera deitu nahi dugu, irabazitakoa ospatzeko baina, aldi berean etor daitezkeen mehatxu berrien aurrean guardian egon behar garela azpimarratzeko. Hala, emakume guztien eskubide eta bizitzen alde lanean jarraituko dugu, salbuespenik eta injerentziarik gabe.
http://alternatiba.net/old-files/Abortuaren despenalizazioa.jpg