Catalunyako gizartearen gehiengoaren eskariari erantzunez azaroaren 9ko kontsulta deialdia errealitatea da dagoeneko. EH Bildutik zoriondu nahi ditugu posible egin dutenak eta Catalunyak bizi duen prozesuari gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu. Prozesua demokratikoa da eta Catalunyako gizarteak bere nahiak adierazteko aukera izango du.
Madrilek iragarri du erantzuna, bere horretan segitzen du, mehatxua, immobilismoa eta ukazioa dira Estatuak Catalunya eta Euskal Herriari eskaintzen diona. Gehiengoaren eskari demokratikoari Madrilek eskaintzen diona inposizioa da, espreski erabakitzeko eskubidea baztertu eta ukatzeko eraikitako legea onartzea besterik ez.
Estatua erreforma frankistaren porrotan kateatuta dago, egiturazko ahuleziak jota eta demokraziari beldur dio, gizartearen adierazpenari beldur dio. Ez du proposamenik, ez du borondaterik, Madrilek nahi duena arazoa bertan behera uztea da eta herrientzako kartzela den konstituzioa erabiliz Catalunyak eta Euskal Herria aldarrikatzen duten erabakitzeko eskubideari bidea itxi.
Oso une garrantzitsua da. Europan, Eskoziak atea zabaldu dio ez bakarrik eztabaidari, baita autodeterminazio eskubidearen ariketa praktikoari, Argi utzi dute Europan erreferendum independentista egitea posiblea dela, borondate kontua dela baina hori ez dute ez Madril eta ez Paris. Euskal Herrian ere nahi dugun autodeterminazio eskubideari. Beraz, bidea ireki da, aukera erreala da. Orain, gure etorkizuna eraikitzeko subiranotasuna defendatzen dugunon ardura du, eskatzen digutenari erantzun egokia eman behar diogu eta gizarteari errealitatea egiteko bidea eskaini behar diogu
Ez da epe edo presa kontua, demokrazia kontua baizik, hiritarron nahia errespetatzeko kontua, aurrera egiteko borondatearen kontua. Euskal gizarteari argi hitz egin behar diogu, zein da gure proiektua argi azaldu, zein da eskaintzen diogun bidea eta bide hori elkarrekin egiteko prest gauden esateko. Beste guztia distrakzio ariketa da.
Inertzia politikoa, geldotasuna, epe motzeko interesak, edo alderdi interesak ezin dira aukera historiko hau pasatzen usteko justifikazioa izan. Bidea aitortzan dago, errealitate desberdinetatik abiatuta, Euskal Herria erabakiaren subjektu politikoa da. Mehatxuen aurrean demokraziak garaitu behar du, inposizioen aurrean entzun eta euskal gehiengoaren nahia errespetatu arazi. Herriek erabakitzeko duten eskubidea onartu eta onartuko ez duenekin harremanak hausteko ordua da.
Bide hori baztertzea, aukera baztertzea arduragabekeria litzateke eta gizartearen gehiengoari iruzurra, honek bide propioa eskatzen baitu.
Madrilen danbateko eta ukazioa besterik ez dugu aurkituko, ez bada gure herria ukatzen duen lege sisteman lekua izen dezaketen erreformarekin konforme diren batzuk. Subiranotasuna konpartitzeko lehen izan beharra da. Euskal Herriaren etorkizuna ez doa Madriletik, Iruñetik, Baionatik doa, gure politika ekonomiko, sozialak, kultural, hezkuntzazkoak hemen erabakitzetik doa. Akordioak Euskal herrian izan behar dira eta Euskal Herrirako.
EH Bildu argi esan du, eta gaur errepikatzen dugu: bide hori egin nahi dugu, bide hori konpartitu nahi dugu eta eragile politiko, ekonomiko, sozial, sindikalekin. Gizartea protagonista izan dezala proposatzen dugu eta gizartea izan behar da Euskal Bidearen bermea, subiranotasunerantz euskal bidearen bermea.