EH Bilduk bere poza agertu nahi du Egunkaria auzia bezala ezagututakoa behin betiko itxi delako, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak kontu ekonomikoen epaiketa artxibatzeko erabakia hartu ostean. Era horretara, Egunkariaren kontrako prozesuan zehar auzipetuta izen diren kide guztiak zein euskarazko egunkariaren proiektua bultzatu zuten herritar eta eragileak zoriondu ditu.
Egunkariaren aurkako auzia ondo amaitu bada ere, EH Bilduk gogora ekarri du euskarazko egunkariaren proiektuaren kontra Espainiako estatuko sektore atzerakoienek egindako bidegabekeria eta krudelkeria. Beste zenbait kasutan gertatu bezala, interes politiko hutsean eta mendeku gosean oinarritutakoa izan zen Euskaldunon Egunkariaren aurkako prozesua.
2003ko otsailean Egunkariaren aurkako prozesua abian jarri zenetik, baina, biktima batzuk ere bidean gelditu direla gogoratu beharra dago: inolako arrazoirik gabe espetxean hilabeteak eta urteak egin dituztenak; torturak pairatu, salatu eta ikertu ez dituztenak; banketxeetako diru kontuak blokeatuta izan zituztenak; oinarri juridikorik gabe auzipetuak izandakoak… Euskaldunon Egunkaria proiektua bera ere amaitutzat eta itxitzat eman behar izan zuten, eta soilik euskal gizartearen babes eta ekimenarengatik jarri ahal izan zen abian euskarazko egunkariaren lekua beteko zuen proiektu berri bat: Berria.
Egunkariaren kontrako auzia albiste onarekin amaitu bada ere, EH Bilduk gogora ekarri nahi du interes soilik politikoetan oinarritutako beste operazio anker baten ondorioz Euskal Herriko beste komunikabide batek, Eginek, itxita jarraitzen duela eta bere arduradunak espetxean jarraitzen dutela oraindik. Beste behin, gure elkartasunik beroena agertu nahi diegu Egin auziagatik espetxean dauden kideei eta haien hurbilekoei.
Ugariak izan dira, halaber, azken urteetan beste hainbat euskal komunikabideek pairatutako erasoak, helburu politiko zital berdinekin. Hor dira, besteak beste, Gaztesarea, Ateak Ireki eta, berriki, Topatu atariaren berriemaileen kontrako mehatxu judizialak.
Euskaldunon Egunkariarekin –eta baita Eginekin- egindako bidegabekeriaren tamaina neurtzea zaila dela egiaztatu ahal izan da azkenean epaitegietan, baina horrelako egoerak eta prozesuak Euskal Herrian berriro ez errepikatzeko neurriak hartu beharra dagoela uste du EH Bilduk. Euskal instituzioei, eragileei eta herritar guztiei dagokigu herri-babes egokia eraikitzea.