Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua eta Ekonomia diputatu Helena Franco eta Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek harrera instituzionala egin diete Kolonbia, Guatemala eta Bolibiako herri indigenetako 10 ordezkarirekin. Eredu soziopolitikoaren alternatiben eraikuntzarako dinamiken inguruan hitz egin eta Gipuzkoako errealitate politiko eta instituzionala ezagutzeaz gain, beren egoeraren berri eman dute bileran. Indigenak, Mugarik Gabe GKEren eskutik, hainbat eragile, irakaskuntza erakunde, enpresa eta instituziorekin bilduko dira eta horietako bat da Gipuzkoako Foru Aldundia, hain justu.
Topaketa honetan, hezkuntza, hizkuntza eta ekonomia gaietan lanean ari diren Kolonbia, Guatemala eta Bolibiako pertsona hauek eredu soziopolitikoaren alternatiben eraikuntzarako dinamiketan herri indigenetako norbanako eta kolektiboen eskubideak errespetatu eta bultzatzeko egiten ari diren lanaren berri eman dute. Estatu Plurinazionalen Eraikuntza eta Hego Amerikako egituraketa eta ekonomia, gizarte eta hezkuntza eredu berriak izan dituzte hizpide. Era berean, Euskal Herrian, eta konkretuki Gipuzkoan bide horretan egiten ari den lanaren berri jaso dute Diputazioko ordezkarien ahotik.
Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, aste honetan enpresa kooperatiboak, unibertsitateak, heziguneak, erakundeak, sindikatuak, hezkuntza eremu duten gizarte mugimenduak, euskararen berreskurapena, berdintasuna, ekonomia eta bestelako eredu ekonomiko, sozial eta produktiboarekin bilduko dira bertatik bertara ezagutu asmoz.