Joan den irailaren 24an, La Habana hirian, ICAP Kubako Herrien Laguntasunerako Institutuaren egoitzan topaketa internazionalista eman zen erakunde honetako Europarako zuzendari Gladys Ayllonen, espainiar zein portugaldar estatuekiko harremanetarako arduradun Katia Suarezen eta Alternatibako militante eta Mahai Internazionalistako kide Carmelo Hernandezen artean.
Topaketan, Alternatibako ordezkariak, erakundearen izenean, ICAPekoi “Nuestro mayo rojo” liburua oparitu zien, Patxi Abasolo, David Mendaza eta Joxerra Bustillo egileena eta Txapalarta argitaletxeak kaleratutakoa. Liburuak euskal langileriaren mugimenduaren historia (1789-1990) jasotzen du eta Eugenio Etxebeste “Antton”-en hitzaurrea eta Giovanni Giacopuzziren sarrera dauzka.
ICAPeko arduradunen aldetik, harrera beroa eskaini zioten Hernandezi, Kubako herriaren oinarri solidario eta internazionalisten berri emanda. Era berean, Alternatibako kide baten bisita eskertu zuten, alderdiaren inguruan interesa agertuta, euskal politikagintzan jokatzen duen rolarengatik, gure kideak azaldu ziena, Euskal Herriko ezker subiranista eta antikapitalistaren baitan dugun kokapenaren gainean.
Gure konpromiso solidario internazionalista aipatuta, Kubako herriaren eta bere iraultzaren eredua goratu zuen, erresistentziaren erreferente gisa herritarren burujabetza eta beren askapen soziala beste herri batzuentzako inspirazio iturri izan dela beren bide propioak jorratzeko. Alternatibatik, abagunea erabili zen ICAPekin batera elkartasun internazionalistaren eremuan etorkizunean jorratu daitezkeen elkarlanetarako. Hala, gure ordezkariak esan zien Institutuaren gertukoak diren Euskadi-Cubaren moduko elkarteekin edota hari lotutako Cubainformacion komunikabidea, Jose Manzanedak zuzendutakoa.
Azkenik, bi aldeen arteko elkarlanerako aukerak aztertu eta etorkizunean harremanetan sakontzeko asmoa agertu zuten, elkartasun internazionalista dela medio, bien arteko balizko kolaborazioetarako prestutasuna agertuta.