EH Bilduk elkartasuna eta babesa adierazi die gaur goizean Candy enpresak kaleratzeko asmoa duen 150 langile ingururi. “Era berean, gure konpromisoa erakutsi nahi diegu egun hauetan daramaten borrokarekin, alegia, euren lanpostuak mantentzeko egingo dituzten mobilizazioetan”, azaldu du Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkideak, koalizioak Bergaran izan duen delegazioko kideetako bat. Hala, EH Bildu Candy enpresako langileekin Bildu da gaur, eta elkarrizketa horretan Legebiltzarrean lan ildo bat irekitzeko eskaintza egin die. Bilera egin ondoren Oskar Matute, Belen Arrondo, Marian Beitialarrangoitia, Juanjo Agirrezabala, Dani Maeztu, Iker Casanova eta Amaiurreko Maite Aristegi langileen enpresaren aurrean egin duten kontzentraziora joan dira.
Ildo horretatik, koalizioak kritikatu egin du Jaurlaritzak daraman industria politika hutsala. “Enplegu plan berriak aurkeztera mugatzen da, baina gero ez nahikoak eta ez eraginkorrak direla frogatzen du errealitateak”, adierazi du Belen Arrondok komunikabideei egindako adierazpenetan. “Gero eta industria eragile gehiago galtzen ari gara eta krisia hasi zenetik EAEko enpresen %25 galdu egin da, langile mordoa kalean hutsiz”, salatu du legebiltzarkideak.
EH Bilduren legebiltzarkideek gogoratu dute ostiralean monografikoa egingo dela Legebiltzarrean, enplegua sortzeko ekimenak eta pobrezia ekiditeko neurriak adosteko helburuarekin. Arrondoren iritziz, ostiralean “pertsonen errealitatea mahai gainean jarriko da, hain zuzen, Jaurlaritzak etengabe hizpide dituen pertsona horien egoera erreala”. Hala, EH Bilduk proposamen sorta defendatuko du, “kalitatezko enplegu duinaren garrantzia mahai gainean jartzeko eta industria sektoreak herri honen garapen ekonomikoan duen garrantzia azpimarratzeko”. “Hain zuzen, hitzetatik haratago, erakunde publikoen ardura da ehun industrialaren garapena gertutik laguntzea”.