Bizkaiko EHBilduk agerraldia egin du gaur, Alternatibako kide eta Bizkaiko legebiltzarkide Asier Vega eta Maribi Ugarteburu legebiltzarkidea hizlari izan direla, Alonsotegin izan diren irregulartasunak direla medio, EAJri mugimendi zehatzak eskatuta.
EH Bildu milaka herritarron babesa jaso zuen programa oso argiarekin hasi zen Bizkaiko Batzar Nagusi eta Udaletan; ezkerreko planteamenduaz baliatuta eta justizia sozialean oinarrituz eredu sozioekonomiko honi buelta emateko helburuarekin. Beti ere, parte-hartzearen eta gardentasunaren bitartez gure herria, Euskal Herria, oinarri hartuta. Kudeatzen ditugun instituzio horietan ateak eta leihoak ireki ditugu, eta oposizioan ere, modu fiskalizatzaile batean lan politiko-instituzional horretan aritu gara, gure betebeharra herritarron esku instituzio gardenak jartzea izan delako eta oraindik ere badelako.
Horregatik, Alonsotegin emandako egoera salatu nahi dugu gaurkoan, Alonsotegi Eraikiz elkartearen kasuaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo eta Kanpo Sustapeneko zuzendari Gabino Martinez de Arenazari eta beste zazpi pertsonari, Alonsotegiko alkate ohi Aitor Santiesteban barne, ustezko delitu penalak egotzi zaizkienean. Biak EAJko kideak.
Gaur, astelehenean gure batzarkide taldeak aurreratutakoa berrestera gatoz. EAJk, behin eta berriro, esaten digu Ebrotik behera gertatzen diren ustelkeria kasu anitzak Bizkaian ematen direnekin alderaezinak direla. Tematu egiten da Bizkaian ustelkeria kasurik ez dagoela errepikatzen duenean. Hala eta guztiz ere, EAJk gobernatu dituen hainbat eta hainbat instituzioetan, herritarren interesen kalterako, interes pribatu zehatz batzuk onesten dituzten jarrerei mesede egiten zaiela ikusi dugu. Alonsotegiren kasuan, ardura penala dagoela argi dugu.
EH Bildu osatzen dugunok ez gara batere pozten Bizkaiko politikagintzan horrelako irregulartasun eta klientelismo kasuak ematen direnean. Guztiz kontrakoa. Hitzetatik eta geldotasunetik haratago, benetan gustatuko litzaiguke, beste alderdi politikoek aplikatzen omen dituzten kodigo etiko berdinak praktikan jarriko balira. Bestaldetik, EAJren ordezkari instituzionalei ez zaie ezertarako balio artxibatuak izan diren irregulartasunezko kasu hauek ezkutatzeko asmoz, diskurtso populista eta ukatzaileaz baliatzea. Gizartea, hitz goxoetan sinestetik urrun, zergadunen kontura poltsikoak betetzen dituen klase politikoaren zati handi baten gehiegikeriarekin nazkatuta dago.
Iñigo Urkullu lehendakariak berak, De Miguel ustelkeria kasuan inplikatuta zeuden EAJko buruei afiliazio karneta itzultzeko eskatu zien. Baina benetako arazoa eredua bera da. Hamarkadaz hamarkada mantendu eta oraindik mantentzen den kudeaketa eredu hau da erruduna; ustelkeria kasuen zerrenda handitzen den bitartean. Honen aurrean, Bizkaiko EAJk, ustezko errugabetasun oinarriari heldu dio eta neurririk hartu behar ez duela argi utzi du. Baina argudio honek aurrez aurreko talka egiten du gardentasunezko aitorpena jaso nahi duen edozein alderdi politikoaren kodigo etikoarekin.
EH Bilduk argi utzi du dagoeneko, aro politiko berriari begira ere, Bizkaian ezarritako opakutasunari amaiera ematera gatozela. EAJri eskatzen diogu, Urkulluk berak eskatu zuen bezala, jardun publikotik ken ditzatela ikerketa judizial baten menpe dauden kideak, are gehiago kudeaketa publiko onartezina eta balizko delitu penalak egin dituztenean. Alderdi politiko guztiak ez gara berdinak, eta EH Bilduk arduraz jokatzen jarraituko du Alonsotegikoaren moduko zein bestelako aferen aurrean; eta gainerako alderdiei berdin jokatzeko exijitzeko moduan gaude, umiltasunez, botere instituzionala herritarren zerbitzura jarrita eta ez pertsona jakin batzuen mesedetara.
PNV, Bizkaiko gobernuan dagoen alderdia den heinean, alderdi ilunei zalantza izpirik utzi behar ez dien politikagintzaren bermea izan beharko litzateke, ahaldun nagusiak aipatutako ‘maletarik’ gabekoa beraz. Ustelkeria estatu espainiarraren egiturazko elementu gisa azaleratzen den unean, EAJren jokabidea PPk egiten duenarekiko desberdina izan beharko litzateke, neurri zehatz eta irmoak hartuta.
EH Bilduk ez du politika judizializatzeko berezko asmorik. Inoiz ez dugu eramango auzitara diskurtso edo analisi politiko bat, beste batzuek gure ordezkariekin egin bezala. Egingo duguna, ordea, herritarren agindua zorrotz betetzea da, politika gardena eta garbia, inolako irregulartasunik gabekoa, egitearen agindua.