Alternatibaren bozeramaile nazional Asier Vegak eta Oskar Matutek prentsa agerraldia egin dute Alternatibaren Batzar Nagusiaren ospakizunaren aurretik. Estatu espainiarraren erregimen politikoaren gainbeheraren irakurketa politikoa egin ez ezik, burujabetza osoaren aldeko apustua aztertuko dute eredu sozial, politiko eta ekonomiko hau bere osotasunean aldatzeko funtsezko giltza bezala, beti ere, erabakitzeko eskubidea eta Kataluniako errealitatea mahai gainean izanda.
Alternatibak bere Batzar Nazionala egingo du gaur, erakundearen organo gorena, sei hilabetean behin elkartzen dena. Gaurkoan egoera sozioekonomiko eta politikoaren azterketa egiteko asmoa dugu, hausnarketaren ostean, Euskal Herriari zuzenean eragiten dion ziklo aldaketaren aurrean neurri urgenteak proposatzeko. Espainiar estatuaren egiturazko krisiak baldintzatutako ziklo aldaketaz ari gara.
Eredua bera dago krisian, estatuaren egitura instituzionala, bere maila guztietan ustelkeriaren gaitz endemikoak kolpatua ageri zaiguna eta, ondorioz, hari lotutako erakunde politikoak zipriztindu egiten dituena. Sistema zaharkitu hau demokraziatik eta zuzenbide estatutik gero eta urrunago ageri zaigu.
Hala, gizarteak haserrez ikusten du aberatsenen zerrenda lizuneko kideak gero eta ondasun gehiago pilatzen dituztela, aldi berean, CEOEk soldatak moderatzeaz eta gerrikoa estutzeaz hitz egiten digu; enpresarien elkarte horretako buruzagi atxilotuak eredugarri bailitzan.Izan ere, oraindik ere pairatzen ditugu Espainiako erresuman indarrean dagoen bipartidismoak konpondu ezin duen krisiaren ondorioak; baina inoiz ezingo ditu konpondu boteretsuen morroi gisa jokatzen duten bitartean. Merkatuen menpe daude eta ekonomia herritarren zerbitzura kudeatzeari uko egin zioten aspaldi.
Noski, lurraldetasun krisialdi baten aurrean ere gaude, adibide nagusiak, Kataluniak, erakutsi digunez. Biharko galdeketak agerian utziko du estatu hau herri eta nazioen kartzela gisa jokatzen duela, bertan egotea erabaki ez duten eta egotea ere nahi ez duten presoena, hain zuzen. Alternatibatik errealitate hori gainditu eta berea eraiki nahi dutenekin bat egiten dugu eta, horregatik, erregimenaren gainbeherak kaltetutako guztiei elkartasuna adierazi nahi diegu.
Eszenario honen aurrean, ezkerretik alternatiba argiak eta proposamen erradikalak jarri behar ditugu mahai gainean. Demokrazia bizitza politikoan txertatu; erakundeetako errealitatea eta botere guztia herritarren esku jarri; eta ekonomia gehiengoaren interesen menpe jarri eta ez gutxi batzuen mesederako.
Zentsu honetan, uste dugu apurketaren unea iritsi dela, ez duela balio hondamendi hau baliatzea erregimena balizko erreformekin makillatzeko. Ez baita egia, hala saldu nahi diguten arren, bigarren trantsizioa irtenbide bakarra denik. Zilegi da pobretzen gaituen guztiarekin apurtzea; zilegi da demokratikoki bizitzea eragozten digun egitura guztiekin apurtzea; eta zilegi da, halaber, gure herriak hautatu ez duen errealitate baten menpe bizitzera behartzen gaituenarekin apurtzea.
Horregatik uste dugu ezkerraren, Alternatibaren eta gizarte osoaren zeregina dela edozein operazio estetikoaren aurkako oposizioa gorpuztea. Gehiengoa erakartzeko diskurtsoa sortu eta eguneroko jardunean aurrekoarekin apurtuko duen errealitatea altxatzeko gai izango dena. Alternatibaren Batzarrak egoera honen aurrean ezkerrak jokatu beharreko paperaz hausnartuko du; eta era berean, Euskal Herriko ezkerrarentzat Euskal Herria Bildu izan behar den tresna izango du hizpide. Eraldaketan aurrera egiteko tresna ez ezik, bakea eta askatasuna nagusi izango diren etorkizuna eraikitzeko aldaketak ekarriko dituena.
Horixe da Alternatibaren helburua eta EHBildu osatzen dugun indar politiko guztiok partekatzen duguna. Hitza herritarrei bueltatzea, gizarte erabat demokratikoa eraiki eta horretarako bestelako eredu ekonomikoa eta sozialaren aldeko apustua eginda, dirua baino, pertsonak lehenetsita eta ardatz gisa beren beharrizanak eta duintasuna jarriko dituena.
Antolatu kanpaina
Bestaldetik, Alternatibak kurtso politikoarekin martxan jarri dugun aktibazio sozialerako kanpaina berria aurkezten dugu gaurkoan. Duela urtebete AKTIBATU leloa erabili genuen. Injustizia sozialaren eta murrizketen kontra altxatzera eta baita ere, krisi deitzen diogun egoera hau eragin dutenen pribilegioen aurrean harresi bat eraikitzera deitzen zuena. Euskal Herriko gizon eta emakume bakoitzari politikoki eta sozialki aktibatzeko deia; ez etsitzeko; beti ere, egungo egoerari buelta emango dion kontzientzia kritikoa garatzeko ahalegin batean.
Hala eta guztiz ere, gure kanpainak dioen bezala, aktibatzea ez da nahikoa; norbanakoaren borroka besteen borrokarekin bat eginda eraginkorragoa delako. Horregatik, aurten erabili dugun leloak horrela esaten du: ANTOLATU. Zapaltzen gaituzten menpekotasun sistema desberdinei aurre eginez; gure aldarrikapenak besteen oihuei lehenetsi gabe, aurpegi desberdinen atzean ezkutatzen den arerio berari aurre egiten diogulako.
Kanpaina honek pertsona desberdinak aurkezten dizkigu, denak bakoitzaren borrokan aktiboak, baina militantzia bateratua egin arte, sistemari aurre egiteko nahia asetzeko ezinean ibili diren horietakoak. Kartelak zera dio: “suspertutako kontzientzia berri bakoitza sistemari aurre egiten dion erronka berria da, eta besteekin bat egitean, bere gaitasuna biderkatzen du”.
Kanpainaren euskarriek, dagoeneko hiri eta herrietako kaleetan ikus daitezkeenak, kartel eta diptiko forma hartzen dute. Baina kanpaina honek urrats berria ere badakar, hurrengo egunetan Antolatu abestiaren eta bideokliparen aireratzea ere egingo dugu.