Bizkaia fracking gabeko lurralde izendatzeko proposamena aurkeztu du gaur EH Bilduk Batzar Nagusien osoko bilkuran Asier Vega koalizioko batzarkide eta Alternatibako kidearen eskutik.
Bizkaia fracking gabeko lurralde izendatzeko proposamena aurkeztu du gaur EH Bilduk Batzar Nagusien osoko bilkuran. Asier Vega koalizioko batzarkideak defendatu duenez, gas ez arruntaren ustiapenerako egun dauden teknikek “ondorio larri eta atzeraezinak” sortzen dituzte osasunean eta ingurugiroan, “beste herrialde batzuetako esperientziek adierazten duten moduan”. Lur-azpiko zein lur-azaleko uren kutsadura, uraren gehiegizko ustiaketa, airearen kutsadura, negutegi-efektua sorrarazten duten gasen isurketa handia, eragin negatiboa biodibertsitatean, lur-eremuen okupazio altuegia edo aktibitate sismikoa areagotzeko arriskua aipatu ditu Vegak. Gainera, frackinga egungo eredu energetikoa aldatzeko eta energia berriztagarrien garapenerako oztopo dela azpimarratu du Vegak.
EAJ eta PP Bizkaia fracking gabeko lurralde izendatzearen kontra agertu dira eta PSE abstenitu egin da. Vegak hiru alderdien diskurtsoak kontraesankorrak direla adierazi du. Bai, EAJ, PSEk nahiz PPk frackinga debekatzeari buruzko jarrera aldatu dute herrialdearen arabera. Hain zuzen, gaur EH Bilduk aurkeztu duen proposamena Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zena da baina Bizkaian ez du babesik jaso. Vegaren ustez, hiru alderdiek frackingari ateak ireki nahi dizkiotela ezkutatzeko erabiltzen dituzte diskurtso nahasiak. “Frackingari bai edo ez esateko garaia da. Esplorazioa baimentzea frackingari bidea irekitzea da. EH Bildun argi daukagu: frackingaren kontra gaude dituen arriskuengatik”.
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuetarako prospekzioetarako 22 milioi euroko partida gorde izana salatu du Vegak. “Hori bai, 2017 urterako, behin hauteskundeak pasata. Ez al dago behar inportanteagorik 22 milioi euro horien inbertsiorako?”
Gizartean frackingaren kontra dagoen jarrera geroz eta zabalagoa aipatu du Vegak. “Herri Ekimen Legegile bat abian jarri da frakinga debekatzeko asmoarekin eta herritarren artean jasotako 103.589 sinaduretatik, ia %40, Bizkaian jaso dira”. Era berean, hainbat udalek frackinaren kontrako ekimenak onartu dituztela ekarri du gogora EH Bilduk. Baita, EAJ edo PSEk gobernatzen dituzten herrietan ere. Ermua, Bermeo, Mungia, Zalla, Karrantza, Etxebarri eta Barakaldo, besteak beste.
Lurrazpiko gasaren ustiapenerako zein aukera dauden aztertzearen alde agertu dira gainontzeko hiru alderdiak eta ustiapenari buruzko eztabaida desberdindu dute. Vegaren hitzetan ordea, “ustiapenaz lasai eztabaidatzen ari garen bitartean, Eusko Jaurlaritzak diru partida gorde du, froga sismikoak egiten ari dira hainbat herritan, energia enpresek haien planekin aurrera jarraitzen dute. Beraz, babestu gaitezen lehenik frackingarengandik eta eztabaidatuko dugu ondoren” gaineratu du.