Aurten 15 urte beteko dira Nazio Batuen Erakundeak Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna azaroaren 25ean ezarri zuenetik. Dominikar Errepublikan Mirabal ahizpak (Patria, Minerva eta Maria Teresa), Trujilloren diktaduraren aurka egiteagatik atxilotuak, torturatuak eta, azkenik, 1960ko azaroaren 25ean erailak izan zirela gogora ekartzen dugu urtero.
Mende erdia baino gehiago pasa den arren, oraindik ere, milioika dira mundu osoan zehar eta egunero indarkeria mota desberdinak pairatzen dituzten emakumeak. Fisikoa da horietariko bat, bortitzena akaso eta gehien ikusten dena baina inondik inora bakarra. Ez dugu urrunera jo behar, alabaina, indarkeria fisiko horren ondorioen berri izateko. Espainiako estatuan, azken hamar urteetan bakarrik, indarkeria matxistak gutxienez 685 emakume hil ditu. Egunotan jakin dugu, halaber, EAEn ia 5.000 emakumek dutela babes neurriren bat Ertzaintzaren eskutik.
Indarkeria guztiek, alabaina, jatorri bera dute, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasuna. Eta desberdintasuna gainditu arte ezinezkoa izango da era guztietako indarkeria matxistarik gabeko gizartea. Aurrera egin beharrean, krisiaren aitzakiarekin atzera egiten ari gara berdintasunaren aldeko borrokan, pobreziak emakumeak jotzen dituelako beste inor baino gehiago eta, horrez gain, zaintzarena bezalako lan ikusezinaren zama berriz ere emakumeen esku uzten dutelako gizarteak zein erakunde publikoek.
Era berean, transfobia, lesbofobia edota homofobia bezalako indarkeria matxistaren aldaera desberdinak azalerazi, prebenitu eta erantzutera deitzen dugu, emakumeak eta gizonak nolakoak izan behar diren inposatzen dutenen ereduak gainditzen dituztenek pairatzen dituztenak.
Arrazoiak, beraz, soberan dira aurten ere kalera atera eta emakumeen kontrako indarkeria zein bere jatorriaren kontra borrokatu beharra aldarrikatzera. Horregatik, EH Bildutik gizarte osoari dei egiten diogu bihar, azaroan 25ean, Euskal Herriko toki desberdinetan mugimendu feministak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzera.