Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna izanik, azaroaren 25ak ekimenari ematen dion sinbolismoa aintzat hartuta, EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrak emakumeen kontrako bortizkeriari buruzko ponentzia sor dezala proposatu du, “indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko gisa eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko”, Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak Lur Etxeberriarekin batera adierazi dutenez. Proposamena etzi eztabaidatuko da Osoko Bilkuran. Halaber, EH Bilduren ordezkariek parte hartuko dute gaur mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan.
EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu dutenez, ponentziak indarkeria matxistaren dimentsioa, jatorria, ondorioak eta bilakaera aztertuko lituzke, diagnostikoa bere osotasunean egite aldera, eta errealitate horren kontrako politika publikoak ere analizatuko lituzke, hobetzeko neurriak zehazteari begira. EH Bilduren iritziz, Emakunde eta bestelako erakunde publikoekin batera mugimendu feministak ere parte hartu beharko luke ponentzian.
Etxeberriak eta Urreak diotenez, datu objektiboek agerian uzten dute “eraso matxistak ez direla ekintza isolatuak eta salbuespenezkoak”. Izan ere, “Euskal Herrian egunean 11 salaketa egiten dira eta, Europa mailako ikerketa baten arabera, hiru emakumeetatik bat indarkeria motaren baten biktima izan da eta Europako emakumeen erdiak baino gehiagok sexu jazarpena pairatu du, herenak lantokian”.
EH Bilduren iritziz, Legebiltzarretik ere tamainako erantzuna eman behar zaio errealitate bortitz horri. Etxeberria eta Urrearen esanetan, “indarkeria matxista patriarkatuaren adierazpen bat da, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena; egiturazko indarkeria da eta ordena sozial oso batek eusten, ahalbidetzen eta justifikatzen du, gizonek emakumeekiko duten boterea mantentzeko tresna garrantzitsua baita”.