Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Lakuak murrizketen eta PSEren aldeko hautua egin du eta koalizio ezkertiarraren eskaintza aintzat hartzeari uko egin dio. “Urkulluren Gobernuaren apustuaren emaitza arrakala soziala handitzea izango da”.
Murrizketarik gabeko aurrekontuak adosteko eskaintza behin eta berriz errepikatu ondoren Jaurlaritzaren aldetik inolako erantzunik ez dela egon ikusirik, EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du, gaur goizean Oskar Matutek iragarri duenez. “Guk murrizketarik gabeko aurrekontuak hitzartzeko borondate argi eta zintzoa erakutsi dugu, jendearen beharrizanak asebetetzeko eta oinarrizko zerbitzu sozialak ziurtatzearen bidetik herritar guztien duintasuna bermatzeko. Hala ere, Jaurlaritzak ez du gurekin adosten saiatu nahi izan eta PSEren eskutik eskubideak murriztea nahiago izan du, nahiz eta itun horretatik eratortzen diren aurrekontuek ez duten inondik inora balio izango gero eta herritar gehiago pairatzen ari diren bizi baldintza gogorrak arintzeko. 10.600 milioi baino gehiagoko aurrekontu batek oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko parada ematen duen arren, ez da hala izango Jaurlaritzak EH Bilduren eskaintza aintzat hartzeari uko egin diolako”.
EH Bilduko legebiltzarkideak austeritatean oinarritutako politikak mantentzea leporatu dio Gobernuari, eta hori, ohartarazi du, ez da batere eraginkorra izango krisialditik ateratzeko. Izan ere, “formula bera errepikatuz gero, emaitzak ere berberak izango dira; hau da, pobrezia indizeak igotzea, prekarietatea areagotzea eta bazterkeria soziala handitzea… Hitz batean, arrakala soziala handitzea”.
Matutek azaldu duenez, EH Bilduren osoko zuzenketak ekonomia suspertzea du helburu, zementutik harago joan behar duen inbertsio publikoa indartuz. Horren ildotik, erantsi du, “penagarria da Jaurlaritzak bere inbertsio osoaren %75a Abiadura Handiko Trenera bideratzea; horrek, esaterako, argi uzten du Lakuan kezka nagusia konstruktora enpresa handien interesak babestea dela, pertsonen interesen gainetik”.
Halaber, EH Bilduren iritziz, Urkulluren Gobernuak burujabetzaren aldeko bidean urratsak emateko aukera alferrik galdu du datorren urteko aurrekontuak PSErekin hitzartuta. “Aurrekontuei dagokien eremuan aurrerapausoak eman zitezkeen norabide horretan, baina EAJk horri ere uko egin dio”, Matutek dioenez.