Ana Etxarte Alternatibako kide eta Bilboko EHBilduren zinegotziak adierazi du “ lan eskubideen urraketa eta lan baldintza prekarioak ‘eguneroko ogia’ bilakatu direla.
EH Bilduren Udal Taldeak udal obra publiko guztietan langileen sarrera eta irteerak erregistratuko dituen terminalak jartzeko eskatuko du abenduaren 10eko Udalbatzarrean. Mozio honek hitzarmenek zehazten duten langileen lan-ordutegia bermatzen dela ziurtatzea du helburu.
Ana Etxarte zinegotziak azpimarratu du lan eskubideen urraketa eta lan baldintza prekarioak “eguneroko ogia” bilakatu direla herri lan gehienetan. Ezkerreko zinegotziak gogoratu du gaur prentsak jasotzen duen Autzaganeko tuneletako salaketa, San Mames berriaren eraikuntzan egon zena edota Super Portu handitzeko lanetan gertaturikoa. “Hauek guztiak enpresa erakitzaileek egiten dituzten urraketen adibide garbiak dira, sindikatuek behin eta berriro salatzen dutenez”, adierazi du Etxartek.
Egoera jasanezin honi aurre egiteko EH Bilduko zinegotziak uste du unea dela hitzarmenek ezartzen dituzten baldintzak udal obra guztietan (Deustuko Kanala, Termibus, Deustuibarra – Zorrotzaurre, Zorrotzako punta…) bete ditzaten mekanismoak martxan jartzeko. Norabide honetan, Etxartek beharrezkotzat jo du herri lanetako langileen sarrera eta irteerak erregistratzea, lan ordutegiari dagokiona, hitzarmenek agintzen dutena betetzen dela ziurtatzeko.