Euskal Herria eta Palestina arteko elkartasun haria aspaldikoa da. Gure herriak oso une eta egoera ezberdinetan bat egin du Palestinako herriak eraman duen borrokarekin.
Palestinarren oinarrizko eskubideak, zibil eta politikoak, norbanakoenak zein kolektiboak, zapaltzen ditu Israelek Palestina okupatuan garatu duen politikak. Gazaren aurkako blokeoa, alde batetik, eta kolonizazioa, bestetik, guztiz jasangaitza den egoeraren adierazle dira.
Israelgo estatuaren sorreratik pizturik izan den auziari irtenbidea emateko bi estatuen soluzioa aitzat hartzen du EH Bilduk, Nazio Batuek onartu ebazpenek babestu eta palestinarrek beraiek aldarrikatzen duten soluzio markoa delako.
1967. aurretiko mugen gainean eratua eta Jerusalem hiriburua izango duen Palestinako estatuaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu eta gure ustez errefuxiatu palestinarren itzulera ezinbestekoa izango da bake iraunkor eta justua bermatzeko.
Ordezkari palestinarrek zehaztutako lehentasunak jarraituz, datozen bi urteotan Estatu palestinarraren onarpenaren eta okupazioaren bukaeraren alde jardungo dugu eta Palestinako preso politikoen egoera eta oro har oinarrizko eskubideen aldeko dinamika landuko ditugu.
Guzti honetarako, palestinarren batasun nazionala hizpide hartuta, haien aginte nazionalarekin harremanak sendotuko ditugu eta gizarte zibileko ordezkariekin elkarlanean aritzea hobetsiko dugu.
Helburu horiekin bat eginez sostengu dinamika iraunkor bat sustatzeko ekimenak bultzatuko ditu EH Bilduk. 3 lan ardatz nagusitan:
• Palestinako herriaren aldeko ekimenak babestuko ditugu nazioarteko eremuan.
• Palestinarrek pairatzen duten giza-eskubideen bortxaketen salatzeko, Palestinako okupazioa iraun bitartean Israelekin lehentasunezko akordioak eta oro har harreman diplomatiko normalizatuak garatzea ez dugu zilegitzat joko.
• Azkenik, Palestinarren egoerari elkartasunetik erantzuteko aukerak zabalduko ditugu, lankidetza era iraunkorrean garatuz, baina une-uneko elkartasun ekimenak alboratu gabe.
Lan ardatz hauek, gizarte sentsibilizazioa eta herritarren inplikazioa bultzatuko duten ekimenak lehenetsiz garatuko ditugu, mezu eta jarduera iraunkorrak hartuz. Dinamika inklusiboak aldarrikatzen ditugu, euskal jendartearen baitan palestinar herriaren eta oro har bere askapen nazional eta soziala bilatzen duten herrien aldeko jarrera aktiboak sustatzeko helburua dugulako.
Palestinako eragileek luzaturiko lankidetza proposamenak bultzatu eta babesteaz gain, ekimen propioak garatzeko asmoa du EH Bilduk.
Gure asmoa ez da Palestinaren aldeko konpromiso teorikoak adieraztea, baizik eta palestinar herriaren alde jarrera eraginkorra hartzea. Beti ere euskal jendartean sustraituta diren dinamikak ahantzi gabe, eta ahal den neurrian horiek elikatuz eta lagunduz.
Gazaren aurkako azkeneko erasoaldiak euskal herritarrengan sortu zuen zirrara baliatuta, ildo beretik urrats gehiago eman genuen: herritarrei gonbita bikoitza luzatu genien: alde batetik, palestinarren aldeko sostengu kanpainekin bat egitea eskatu genien; eta bestetik, Israelen ekoizturiko produkturik edo israeldar koloniak inbertsio bitartez babesten dituzten enpresen produkturik ez erosteko gomendioa egin genien.
BDS-en aldeko kanpaina malgutasuna ahalbidetzen duen heinean, bidea eginez segitzea hobesten dugu. Han non aukerak aurreikusten diren urratsak ausartagoak emateko -demagun senidetuta dauden herrietan- kanpaina horretan sakontzeko aukera aztertuko dugu. Kasuz-kasu, herriko eragileekin adostuta. Behetik gorako dinamikaren baitan.
Azkenik, EH Bilduk helburu propioak dituen heinean – euskal jendartearen baitan atxikimendu zabala jasotzen dituzten asmoak: bakea, autodeterminazioa, justizia soziala- nazioarte mailan asmo horiek aurrera eramateko jarduerek lehentasuna hartu behar dutelakoan gaude.