Alternatibako bozeramaile eta Euskal Herria Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, Urkulluren gobernuaren gainean balantzea egin eta egunotan PNVko hainbat burukidek erakusten duen urduritasuaren inguruan hitz egiteko, EHBilduren kontrako erasoetan erakusten dutena.
Urkulluren gobernuak azken bi urteetan egindakoaren balantzea egin dugu egunotan. Tamalez, atera dezakegun ondorio bakarra da, inora ez doan bide baten erdian gaudela. Gobernu honek, herritarren bizi baldintzak hobetu beharrean, okertu egin ditu; gehien dutenen aldeko politikak ezarri ditu, herritarrei eskubideak eta zerbitzu publikoak murriztu dizkien bitartean. Eta beti bezala, krisiaren aitzakian egin du.
Gobernu honek, irautea du helburu bakarra, botereari kosta ahala kosta eustea. Eta horretarako, ez du inolako arazorik sostengua eskaintzeko prest dagoen edozeinekin negoziatzeko. Are gehiago hain prezio merkean egin dezakeenean. Zalantzarik ez dago gainbeheran dagoen alderdi sozialista EAJren aliaturik onena dela, hala demostratzen dute murrizketak onartzeko prest azaltzen direnean, gero eta jende gehiago egoera prekarioan eta pobrezian ere utzi behar badituzte ere.
Baina hala eta guztiz ere, Urkulluk urte erdia darama ekonomiaren hobekuntzaz hitz egiten. Ez dakigu, ordea, zertaz ari den, akaso langileen soldatak murriztu arren akziodunen dibidenduak biderkatzen dituzten enpresez ari da, edota ixtear daudenaz, Aguraingo Arcelor edo Basauriko Edesa kasu.
Antzeko egoera eskaintzen digu Urkulluk herri honetako normalizazio politikoan, EAJk bere urduritasuna azaltzen baitu gai delikaturen bat mahai gainean dagoen bakoitzean. Ez daki nola jokatu. Aurrerapausorik ez du ematen eta, horrez gain, oztopo berriak jartzen ditu, presoen eskubideen aldeko herritarren aldarrikapenari ezetz esaten dionean.
EAJkez du ez gurekin ezta herritarrekin zein herri honetako eragile sozialekin Euskal Herria eraiki nahi. Ez dut euskal biderik nahi. Eta ez du nahi Espainiako erregimenaren baitan erosotasun handiz bizi delako.
Herritarrek argi dute Urkulluk berak eta bere gobernuak egindakoak suspentsoa merezi duela eta hala adierazi dute euskobarometroan. Lau biztanletik hiruk uste du gobernu honek ez duela nahikoa egiten krisia eta langabezia gainditzeko. Era berean, herri honek bere etorkizuna erabakitzeko galdeketa bat egiteko gogoak ere azaldu ditu gizarteak, gobernu honek horren aldeko urratsik egiten ez badu ere.
Eta gobernuaren kudeaketa txarraren aurrean, EAJk bere zilborrari bakarrik begiratzen dio. Ohi bezala, erreferentzia gisa duten estatuaren aldean pixka bat hobeto egotearekin kontsolatzen dira. Eta beren miseriei aurre egin ezinean, EHBilduri eraso egiten diote, azken egunetan bezala.
Horren adibidea hainbat burukidek eskaini digu egunotan. Itsasoari begira dirudiela, hobe du euskal herritarren bizi baldintzak desegin dituen olatuarekin kezkatzea; edota Urkulluren gobernuaren politikak eragindako haserrearen olatuarekin. Horren adibide ugari izan genituen atzo, EAEko hiri desberdinetan aldarrikapen ugari entzun zirelako: duintasun eske, pobreziaren aurka, enpleguaren alde eta guztien eskubideei begirunea exijituz, besteak beste. Baina EAJk guzti horri bizkarra ematen dio.