Alternatibako kide eta EHbilduren Bilboko zinegotzi Ana Etxartek azpimarratu duenez, Emakumeen Etxea “debate eta hausnarketarako topagune bat izango da mugimendu feministarentzat, emakume taldeentzat eta norbanako gisa parte hartu nahi duten emakume guztientzat”. Halaber, zinegotziak proposatu du Bilboko emakumeen Jabetze Eskola Emakumeen Etxean kokatzea, bertan ekintza eta ikastaroen bitartez kontzientzia-hartzeko prozesuak abiatuko direlarik.
EHBildu udal taldeak Bilbon Emakumeen Etxearen proiektua martxan jartzea proposatu du, emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa bultzatzeko. Urtarrilaren 29an ohiko udalbatzan eztabaidatuko den proposamen honetan koalizio soberanistak proposatuko du Emakumeen Etxean Bilboko emakumeen Jabetze Eskola kokatzea.
“Proiektu hau Udala, mugimendu feminista eta emakumeen taldeen lan komunaren ondorioa izango da eta egikaritzeko aurrekontua izan beharko du”, adierazi du Etxartek.
Etxe honen bitartez, Bilboko Udalak Emakunderen IV planean aurkitzen zen proposamen bat gauzatuko du eta Jabetze eskola edota Emakumeen Etxea duten Udal sare bateko kide izango litzateke. Basauri, Getxo, Ermua ,Ondarroa, Abadiño, Durango, Elorrio, Sestao, Erandio, Donostia, Arrasate, Eibar, Zarautz, Errenteria, etab. sare horretako kide dira.
Etxarteren aburuz, hainbat udalerriek Jabetze eskola edota Emakumeen Etxea bezalako ekimenak martxan jarri izana “ekimen honen arrakastaren seinale da eta Bilbo ezin da atzean gelditu”.