Voltairek idatzi omen zuen Euskal Herria dela Pirinioen bi aldeetan abesten eta dantzatzen duen Herria. Azken asteetan ez dugu abesteko eta dantzatzeko arrazoi gehiegi izan, espainiar Estatuak berriro ere bere alderik ilunena agertu zigulako. Hala eta guztiz ere, esan nahi dugu gure Herriak, zailtasun guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, abesten, dantzatzen eta jarduera politikoan alternatibak eraikitzen jarraitzen duela.
Gaur EH Baik eta EH Bilduk, Herri zaharraren bi zuhaitz-adaska gazteok, proposamena dakargu plazara. Gaurkoan arnas luzeko proposamena dakargu, burujabetza osoa eta justizia soziala jasoko dituen Euskal Estatua eraikitzeko ibilbide-orria, hain zuzen ere.
Euskal herritarren esku utzi nahi dugu proposamen hau, beraiek baitira bere hartzaile nagusiak. Honakoa ez da abertzaleentzako proposamena, ezta gurekin bat egiten duten ezkerreko soberanistentzat ere. Gure proposamena da Euskal Herri osoko herritarrentzat. Zuei, euskal herritar guztioi, erabakitzeko eskubidea oinarri duen prozesu eratzailea gurekin batera eraikitzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Europa osoan zehar mamu bat dabil: ez da komunismoa, duela 100 urte bezala, aldaketa politikoa baizik. Hala ere, neoliberalismoa oso urduri jarri da. Badago aukera baino gehiago Europako hegoaldean alternatiba anti-neoliberal bat gobernura iristeko eta merkatu bihozgabeak dardarka hasi dira. Horregatik gaur, hauteskunde egunaren bezperan, zorte onena opa diegu. Greziako borrokalari guztiei eta bereziki Greziako fronte zabala den Syrizako lagunei besarkada handi bana bidaltzen diegu Euskal Herriko plaza honetatik. Justizia sozialaren bidean egiten duten nazio burujabetzaren defentsan, erabat identifikatuta sentitzen gara. Bihar Greziatik kanpo ere denok gara Syriza. Aupa Syriza!
Aldaketa politikoaren mamua Europa osoan zehar badabil ere, ez dakigu espainiar eta frantziar Estatuetara iritsiko ote den. Momentuz espainiar eta frantziar estatuek ez gaituzte nazio gisa aitortzen, ezta aitortuko ere. Ez dituzte gure eskubideak errespetatzen eta ukatzen jarraitzeko asmo guztia daukate. Gainera, bi Estatuen bidez Euskal Herrian inposatzen dituzte politika neoliberalak, euskal herritarrei gero eta eskubide gehiago murrizten dizkieten politikak. Eta ez dirudi horretan gauzak epe laburrean aldatuko direnik.
Hala ere, batzuk espainiar Estatuan ere gauzak aldatuko direla diote. Aldaketak etor daitezke, baliteke gurea ez den Konstituzioan ere aldaketaren bat egitea, baina aldaketak aldaketa, kontu bat argi eta garbi daukagu: ez da gobernuen kontua, baizik eta Estatu auzia. Espainiar Estatuak inork ez digu gure etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabakitzeko eskubidea emango, guk geuk eskuratu beharko dugu. Nola? Euskal Bidea eginez, erabakien bidea urratuz.
Euskal Bidea da eraldaketa eta autoeraketa prozesua. Ez da protesta edo eskakizun hutsa. Euskal Bidea da euskal herritarren erabakiekin urratsez urrats Euskal Herri berria, Europan Estatu berria, eraikitzeko prozesua. Ondorioz, erabakitzeko eskubidea ez da helmuga, bidea bera baizik.
Gaur egun oraindik Euskal Herrian, eta duela astebete berriro pairatu izan genuen, espainiar Estatuak bere alderik ilunenetakoa erakutsi zuen eskubide zibil eta politikoek mehatxupean jarraitzen dutela gogorarazteko. Oinarrizko askatasun zibil eta politikoek –biltzeko eskubidea, jarduera politiko eta sozialerako eskubidea, besteak beste- arriskuan segitzen dute. Espainiar Estatuak urteetan sortutako amaraun juridiko-legalak Herri hau itotzen du. Oinarrizko eskubide eta askatasun guztiak bermatuko dituen eredu juridiko propioa behar dugu. Bitartean, euskal herritar guztientzat eskubide zibil eta politiko guztiak jasoko dituen Hitzarmen berria adostu nahi dugu.
“Eskubide guztiak herritar guztientzat” Hitzarmena euskal eragile politiko eta sozial guztiei proposatu nahi diegu. Konpromiso zehatzak hartuz, eragile horiek dauden gune eta esparruetan eskubide horiek bermatzeko asmoz. Noski, horietako bat izan behar du gune eta esparru guztietan Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak eratzea.
Horrela Euskal Herriko instituzioetan Erabakitzeko eskubidearen alde eratuko ditugun gehiengoek Euskal Estatua eraikitzeko prozesua etengabe bultzatuko dute.
Neoliberalismoak herritarren eskubideak murrizten ditu, espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herriaren nazio eskubideak ukatzen jarraitzen dute. Bataren eta besteen aurrean EH Baik eta EH Bilduk demokraziaren aldeko apustu erradikala egiten dugu. Eta demokraziari izen-abizenak jartzen dizkiogu: erabakitzeko eskubidea. Hori da Euskal Estatua sortzea helburu, abian jarri nahi dugun prozesu eratzailearen oinarria. Prozesu honek euskal herritar guztiak beraien etorkizunaren jabe egingo ditu eta prozesu honek euskal herritar guztiak orainaldiaren protagonista egiten ditu.
Euskal herritar gisa bizitzeko eta euskal herritar gisa nola bizi nahi dugun hautatzeko erabakitzeko eskubidea behar dugu. Dena erabaki nahi dugulako, dena hemen, Euskal Herrian, erabaki nahi dugulako.
Queremos el derecho a decidir, porque queremos decidirlo todo. Y todo lo queremos decidir aquí, en Euskal Herria. No solo queremos decidir para poder vivir como ciudadanos y ciudadanas de nuestro País. Queremos el derecho a decidir para elegir cómo queremos vivir, para que nadie decida por nosotras políticas de desigualdad social. Queremos el derecho a decidir para acabar con el sometimiento de la mayoría a costa de los privilegios de unos pocos. Queremos el derecho a decidir para elegir y construir justicia social para todos y, sobre todo, para todas.
Ez dago aitzakiarik. Euskal herritarren belaunaldi askok une honekin amets egin du. Ametsetan besterik ez dute ikusi. Gu, aldiz, bizitzen ari gara. Gure momentua da. Burujabetza osoa eta justizia soziala jasoko dituen Euskal Estatua sortzea gure esku dago.
Horretarako euskal jendarteak, euskal herritar bakoitzak, prozesu honen protagonista bilakatu behar du. Prozesu hau garrantzitsuegia da alderdi politikoen eta erakundeen baitan sortzen diren indar harremanen esku uzteko. Abagune honek guztiok behar gaitu. Batzuk herri mugimenduan taupada emanez, beste batzuk erakundeetan bultzatuz, baina guztiok batera elkarri autonomia errespetatuz, herri botere dinamiko eta sortzaile bakarra osatzen.
Noski, gaur egun dauzkagun erakundeak eta sortu behar direnak, beraien tresna eta baliabide guztiak, gure etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala gaurdanik erabakitzen hasteko baliatu behar ditugu. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea ez baita egun miragarri batean gauzatuko, ez baita bozketa bakarra Euskal Herri osoan aldi berean izango. Urratsez urrats egin beharreko bidea izango da.
Garai batean autodeterminazio eskubideari ekiteko aldez aurretik lurraldetasunaren afera konpondu behar genuela genion. Orain, ordea, diogu erabakitzeko eskubidea lurraldetasunaren afera konpontzeko ere baliatu behar dugula. Nola? Euskal Herriko eremu juridiko-administratibo bakoitzeko herritarrei hitza eta erabakia emanez.
Prozesu eratzaileak Euskal Herriko egoera juridiko-administratibo desberdinak abiapuntu hartzen ditu. Horregatik hiru prozesu barnebilduko dituen prozesu bateratzaileaz ari gara. Hiru abiapuntu desberdin, hiru erritmo eta abiadura berezitu, etapa eta prozedura propioak, kontsulta eta galdera desberdinak, baina helburu bakarra: euskal herritar guzti-guztiak Euskal Herriaren etorkizun politikoaren jabe egitea.
Abiadura eta molde desberdinetan bada ere, Euskal Herria gaur egun banatuta dagoen hiru eremu juridiko-administratibotan hiru urrats egitea ezinbestekoa da: autoafirmazioa, autoeraketa eta autodeterminazioa. Aldarrikatu, eraiki, erabaki.
Guk , Lapurdi, Behe Nafarroan eta Zuberoan, guk Nafarroa Garaian, guk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gure buruari eta bakarrik gure buruari, Euskal Herriaren etorkizuna, gure etorkizuna, erabakitzeko gaitasuna ematea honezkero erabaki dugu. Horri autoafirmazioa deritzogu, ezinbesteko abiapuntua Euskal Estatua helburu duen prozesua abian jartzeko.
Autoeraketa da guk gure buruari, gehiengo sozial berriak sortuz eta akordio politiko berriak eginez, errealitatea eraldatzeko ematen diogun gaitasuna. Gauzak horrela, menpekotasunaren mesedetan sortutako erakundeak eta gainontzeko baliabide guztiak euskal lurraldeen arteko harreman berriak sortzeko erabili nahi ditugu. Hiru eremu juridiko-administratibotako euskal herritarrok elkarrekin bizi izateak ere herri borondatean oinarritutako erabakia izan behar duelako. Bide horretan eremu juridiko-politiko desberdinetako erakundeen arteko elkarlana ere sare berriak eta sendoagoak josteko orratza izango dugu. Autoeraketaren bidez, lurralde batasunaren bidean euskal lurraldeen arteko lotune demokratiko berriak sortuko ditugu, euskal subjektua osatu arte.
Barne eta kanpo autodeterminazioa nahi ditugu. Barne mailakoa, euskal lurraldeen arteko harremana erabakitzeko izango da. Kanpo mailakoa, espainiar eta frantziar Estatuekiko harremana erabakitzekoa da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren kasuan, Espainiar estatuarekiko harremana erabaki aurretik Autonomi- Erkidegoko eta Foru Komunitateko herritarrek euren arteko harremana erabakitzea lehenesten dugu, beti ere herritarren borondatea errespetatuz, Hego Euskal Herri mailako lurralde batasunaren bila. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoaren kasuan, instituzionalizazio prozesuaren bidez autoafirmazioa eta autoeraketa burutzea nahi dugu, ondoren bertako herritarrek frantziar Estatuarekiko eta gainontzeko euskal lurraldeekiko harremana erabaki dezaten.
Ez dugu proposamen hau hauteskundeen emaitzen mesedetan egiten, baina argi eta garbi daukagu Erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politikoen hauteskunde emaitza onek bidea bizkorrago egiten lagundu behar dutela, konpromiso sendoetan oinarritzen badira, noski.
Gaur egun Hego Euskal Herriko bi eremu juridiko-administratiboetan prozesu eratzailea errazteko eta azkartzeko erronka zehatzak ditugu:
-Nafarroa Garaian aldaketa politikorako aukera paregabea daukagu. Nafar guztien askatasuna mugatu eta gutxi batzuen pribilegioak ahalbidetu dituen erregimena bertan behera uzteko alternatiba eraikitzeaz ari gara. Nafarroa bakarrik nafarrek nahi dutena izan dadin.
-Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomi- Erkidegoak estatus politiko berria behar du. Estatus politiko berri horren oinarria arabar, bizkaitar eta gipzuzkoarren erabakitzeko eskubidea izango da. Muga bakarra, beraz, herri borondatea.
Euskal Herria nazioa izatea errealitate ukaezina da, badaukagu hizkuntza, badaukagu kultura, lurraldea…Baina bakarrik Estatu bilakatuko gara herri borondatearen arabera. Halaber, ez dago bere ibilera herri borondatean oinarritzen duen Herria geldituko duenik.
EH Bai eta EH Bilduk euskal jendarteak eragiten dioten auzi guztiei buruz erabakitzea nahi dugu. Euskal jendartea erabakien bidean gero eta urrats gehiago egitea nahi dugu, herritar bakoitza etorkizunaren jabe eta orainaldiaren protagonista bilakatuz. Euskal Harria badabil, beraz, ez kezkatu, goroldiorik ez.
Lehen aipatu dut eta ez naiz inoiz nekatuko. Euskal herritar belaunaldi askok gu bizitzen ari garen momentuarekin amets egin dute. Haietatik askok dena eman zuen, askatasunari dena eman behar zaiolako, gu orain abagune honetan egoteko. Gu hemen gaude, gure bizitza da. Ez da txikira jokatzeko momentua. Nork bere onena, eta guztiok Herri gisa neurria emateko unea da. Beste batzuk ametsetan ikusi zutena biziko dugu. Goazen haien ametsa borobiltzera, askatasun osoa eta justizia sozial guztia nahi ditugun euskal herritarrak gara.. Hankak lurrean, burua hodeietan, goazen ametsak errealitate egitera. Animo eta aurrera, Euskal Herria dugu irabazteko!
http://alternatiba.net/old-files/euskal-bidea-eu.pdf