Larunbatean, euskal gizarteari bideratutako proposamena aurkeztu genizuen Ficoban EH Bilduk eta EH Baik. Gure gaurko helburua da proposamen horren edukiak eta esanahia gizartera heltzeko lehen ekimen zehatzaren berri ematea.
Ficoban aurkeztu genuen proposamenaren ezaugarriak:
EH Bilduk eta EH Baik aurkeztu genuen proposamenarekin herri hau bere etorkizunaren jabe bihurtzeko bide bat proposatzen dugu.
Gure helburua da herritarrak ahalduntzea. Gurea ez da soilik herri honetako eragile politikoei bideratutako proposamena. Gure eskaintza harago doa. Herritarrak izan behar dira bere erabakien jabe eta erantzule. Herritarrak izan behar dira gure herriaren etorkizuna erabakitzen dutenak. Herritarrak dira gure proposamenaren protagonistak. Herritarrak dira proposamenaren protagonistak. Herritarrak dira egin beharreko bidea adostu eta egin behar dutenak.
Bide bat egitea da EH Bilduk proposatzen duena. Euskal herritarrek eta euskal gizarteko eragileek bide bat egitea, erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko eta, era horretara, gure etorkizuna erabaki ahal izateko. Estatuak ezarritako kateetara lotuta nahi gaituzte, Espainiako Konstituzioaren atzaparretan harrapatuta. Baina posible da guk gure bide propioa egitea eta gure etorkizuna guk geuk erabakitzea. Herri oso baten borondate politikoa gelditzea ezinezkoa delako.
Asko daukagu irabazteko: herri eta norbanako bezala dagozkigun eskubideak errespetatzea, egunerokoan eragiten diguten erabakiak guk geuk hartzea… Herri eta herritar gisa gure etorkizuna eraiki eta erabakitzeari aukera irekitzen dio gure proposamenak. Horra iristeko bideari ekin behar diogu orain.
Gure proposamena errealista da, eta oinarrizko giza eskubide batean oinarritua dago: erabakitzeko eskubidean. Azken baten, gure proposamenaren helburua oinarrizko ariketa demokratiko bat praktikan jartzea da. Era horretara, gure proposamena ez da abertzaleei zuzendutako proposamena bakarrik; beren burua demokratatzat duten guztiei luzatzen diegu bidea elkarrekin adosteko eta egiteko eskaintza.
Eskubide demokratikoa den heinean, erabakitzeko eskubideari ezin zaizkio baldintzak jarri. Euskal Herria subjektu denaren aitortza oinarri gisa hartuta, eskubide hori aldarrikatzen eta defendatzen dugunoi dagokigu gizarte honen gehiengo demokratikoak eskatzen duenari bidea ematea, ariketa demokratiko bihurtzea eta errespetatzea.
Eskubide demokratiko baten ariketa demokratikoa den heinean, ezin du gizartearen zatiketarik eragin, aitzitik, herritarrak ahalduntzea gizartea kohesionatzen du. Gizartearen zatiketa eragiten du demokrazia ezak, herri baten izaera ukatzeak, herri bati eta herritarrei etorkizuna erabaki ahal izatea ukatzeak.
Sozializazio kanpaina
Gure proposamenaren oinarriak jendaurrean azaldu eta gero, gure helburua da proposatzen dugunaren edukia gizarteratzea, herritar ororengana iristea. Hori da gure helburua lehen fase honetan: elkarrizketak sortzea, eztabaida piztea eta zabaltzea, herritarren ekarpenak jasotzea…
Elkarrizketa, hitza, eztabaida, ekarpenak egitea… horiek dira gure proposamenaren oinarri filosofikoak. Kafe baten bueltan egiten diren solasaldiak ondo sinbolizatzen dute gure proposamenaren oinarriak.
Horregatik, gizartearekin, herritarrekin 100.000 kafe konpartitzera goaz, gure proposamena ezagutarazteko…
Erabakitzeko eskubidearen eztabaida ezin da lau hormen artean itxi. Protagonista gizartea da, pertsonak, erabakitzeko eskubidea pertsonala eta kolektiboa delako…
Kafe horiek kolektiboak eta “partikularrak” izatea proposatzen dugu: (bikoteka, taldeka, herrietan, eremu ezberdinetan, kolektibo profesional eta sozial ezberdinekin…)??-Kafe bat -solasaldi bat- kulturgintzako eragileekin, sindikalistekin, nekazaritza munduko langileekin, enpresari eta ekonomialariekin, … Eremu guztietatik eraiki behar baita Euskal Herria.
Elkarrizketa ariketa bat biderkatuta Euskal Herrian zehar, … Ez da bakarrik EH Bilduren ekimena izan behar,… ez dugu eztabaida hori “kontrolpean” izan nahi. Ariketa proposatu, ariketa bultzatu…
Geurea Euskal Herritik Euskal Herrira bideratzen dugun proposamena da, eta horrela izango da sozializaziorako planteatzen dugun dinamika.