Gaur jakin dugu Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen kudeaketarako araudia urratzen aritu dela azken bi asteotan. Artigaseko zabortegira aldez aurretik tratatu gabeko zaborrak eraman dira, inguruko basoetan jaso diren irudi tamalgarriek frogatzen dutenez. HAU OSO GERTAKARI LARRIA DA. Bizkaian indarrean dagoen sistema eta araudia urratzen ditu bete betean, baita Europak ezartzen dituen arauak ere. Bizkaiko Foru Aldundia da urraketa horren erantzule zuzen eta bakarra.
Nola da posible Artigas inguruko mendiak zaborrez pilatzen utzi izana? Hamabost egun pasa dira, inguruetako basoak plastikoz josita daude eta Aldundiak denbora guzti honetan ez du inolako azalpenik eman, ez du informaziorik eskaini eta ez du inolako neurririk hartu. Jokabide arduragabe eta axolagabea guztiz.
Esan beharrean gaude gainera, ez dela Aldundiak hondakinen kudeaketan arduragabe jokatzen duen lehenengo aldia. Ez dira hilabete asko pasa hondakinen tratamendurako gunean bertan, Q sukarrak langileen osasuna arriskuan jarri eta azpiegitura itxi behar izan zenetik. Orduan ere Aldundiaren kontrol eta segurtasun neurrien gabeziak eragin zituen arazoak. Frogatu zenez, Artigaseko plantak ez zuen hondakinen tratamendurako segurtasun protokolorik.
Bizkaiko Aldundiaren isiltasun eta ilunkeria honen ordez, bizkaitarrok informazioa eta azalpenak behar ditugu. Ezin dugu inolaz ere onartu gure hondakinak kontrolik gabe zabortegira botatzen jarraitzea eta segurtasun falta eta axolagabekeriarengatik gure basoak zaborrez betetzea. Horregatik, EH Bilduk Iosu Madariaga ingurumen diputatuaren batzorderatze eskari urgentea eskatu du gaur, Aldundiak gertakari onartezin hauen nondik norakoak argitu ditzan.
Gertakariok argi eta garbi adierazten dute Bizkaian hondakinen kudeaketan behar dugun aldaketa sakona. Ingurugiroarekiko errespetuzkoa izango den eredua, birziklapen maila altuagoak lortuko dituen eredua eta Europar Batasunak eskatzen duen bezala, zabortegiak istea ahalbidetuko duena. Egungo ereduarekin ezinezkoa izango da helburu horiek lortzea. Guztiz egingarria da, ordea, norabidez aldatzen badugu.