Euskal bidearen baitan 10.000 urrats emango ditugu datorren martxoaren 7an BEC-en
Euskal bidearen baitan 10.000 urrats emango ditugu datorren martxoaren 7an BEC-en
Gaurkoan, Bilboko Areatzan kokatutako EHBilgune honetan elkartu gara, herriari hitza emateko garaia delako; Euskal Bidearen ordua delako. Esparru guztietara benetako demokrazia ekarriko duen bidea eraiki nahi duena, herritarren eskuetan eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko lana utzi nahi duena. Proposamena Irunen aurkeztu ostean, orain Euskal Herri osoan ehun mila kafe hartuko ditugu proposamen hau jendearekin partekatzeko eta azaltzeko. Gaur, hemen beste 50 kafe gehitu dizkiogu guri ekimenari.
Ekarpenei, proposamenei, adostasunei eta desadostasunei ere guzti irekita dagoen Euskal Bide honek, subiranotasunerantz aurrera egin ez ezik, Euskal Herri justuagoa eraiki nahi du; mafia ekonomiko eta politikorik gabekoa, Kutxabanken kasu larria iraganaren parte bihurtuko duena. Euskal Herri sozialagoa behar dugu, hemen bizi garen guztiok duintasunez bizitzeko aukera izan dezagun.
Azken batean, Euskal Bideak bere etorkizunaren jabe den herri bat altxatu nahi du, esparru guztien inguruan erabakitzeko eskubidea izango duena. Euskal Herria eremu guztietatik eraiki behar delako. Horregatik, herritarrak dira egin beharreko bidea adostu eta egin behar dutenak.
Norabide horretan aurrera egiteko, hurrengo martxoaren 7an guztiok hitzordua dugu Barakaldoko BEC-ean. Abiatutako bide honekin bat egin nahi duten guztiei irekita egongo den eguna; Euskal Herri osotik hartutako milaka kaferen ondoren jasotako ekarpen eta konpromiso guztien isla izango dena. Martxoaren 7an, Euskal Biderantz egindako lehen 10.000 urratsak aurkeztuko ditugu, eta han ere, benetako protagonista euskal gizartea izango da. Han ikusiko dugu elkar.