Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak euskal jendarte osoari gonbidapena luzatu dio, hurrengo martxoaren 7an EHBildu eta EHBairekin batera Euskal Bidearen alde BECa betetzera gerturatzeko.
Pasa den urtarrilaren 24an EH Bilduk eta Euskal Herria Baik helburu zehatz eta oinarrizkoa duen proposamen politikoa aurkeztu genuen: euskal jendartea eta herritarrak izan behar dira Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzen duten bakarrak. Proposamen honek pausoka bidea abiatu nahi du, erabakiz erabaki, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egi bihurtu arte.
Jendeari hitza emateko garaia da; gizartea jabetzeko garaia da, Euskal Herriko emakume-gizonek nahi duten hori erabakitzeko aukera izan dezaten; herri honek behar dituen politika ekonomiko eta sozial motak erabaki ahal izateko; justizia soziala oinarritzat izango duen eredu bat eraikitzeko aukera emango digun politika fiskala eraiki ahal izateko. Bakarrik horrela lortuko dugulako gizartearen beharren eta lehentasunen neurrira egindako osasun, hezkuntza eta babes sozialerako sistema publikoa bermatzea.
Gizartea protagonista izango duen bidea abiaraztea, eraikitzea eta igarotzea proposatzen dugu; Euskal Herritik eta Euskal Herriaren neurrira diseinatutako bidea; erabakitzeko eskubidea diskurtso soila izatetik urrun, lehentasun bat dela pentsatzen dutenekin partekatzeko bidea. Eskubidea, eta hortaz, eztabaida eta erabakia bera ere herritarrena da.
Ez dago aitzakiarik; ordezkorik ez du balio; eztabaida ezin da gela baten barruan sartu; ezin dugu gure etorkizuna Madril edo Parisen eskuetan utzi. Abiatzeko eta martxan jartzeko ordua da.
Erabakitzeko eskubidea ez da abertzalei dagokien kontu bat… demokraziari, justizia sozialari, eredu politiko eta sozialaren aldaketari dagokion kontua baizik; eredu propioa eraikitzeko erabiliko duguna. Asko dugu egiteko, baina guztia irabazteko ere.
Euskal Bideari ekiteko ordua da, herri honetara demokrazia ekartzeko garaia, Espainia eta Frantziari agur esateko, gure herriaren borondatearen kontra doazen inposaketa eta ukazioekin hausteko.
Euskal Herria esparru guztietatik eraikitzeko ordua da, lurralde bakoitzetik, erabakitzeko eskubidearen defentsaren oinarri bilakatu beha diren erakundeetatik.Horregatik garrantzitsua da bidea behetik eraikitzea, borondate, konplizitate eta konpromisoetan bat eginik.
Martxoaren 7an BEC beteko dugu, 10.000 lagun bilduko ditugu, 10.000 erabaki, 10.000 konpromiso erabakitzeko eskubidearen alde, datozen hilabeteetan herriz herri eta auzoz auzo biderkatuko direnak.
BECen lehenengo 10.000 pausoa emango ditugu euskal bidean aurrera egiteko, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe eta protagonista izan arte amaierarik izango ez duen bidea ibiltzeko
Urratsez urrats, erabakiz erabaki, eta inori baimena eskatu gabe, Euskal Herria martxan jartzera goaz.