Gizarte Politika eta ongizate kolektiboa foru hauteskundeetarako programako ardatz nagusi gisa kokatu ditu gaur EH Bilduk eta argi utzi du “Xabier Olano Aldundian izanda, Gipuzkoa gizarte murrizketarik gabeko Lurraldea izaten jarraituko” duela.
EH Bilduk hogeita hamar pertsonatik gora bildu dituen lan saio bat egin du sektore desberdinetako gizarte eragileekin –lankidetza, gizarteratzea, adin txikikoak, adinekoak, mendekotasuna duten pertsonak eta desgaitasuna dutenak-, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Honen helburua Gizarte Politika alorreko hauteskunde programa modu partehartzailean egitea izan da.
Ander Rodríguez Alternatibatiko kide eta Gizarte Politikako diputatuak EH Bilduren lehentasun gisa nabarmendu ditu pobreziaren kontrako kanpaina, mendekotasun eta desgaitasuna duten pertsonei arreta eta gizarte zerbitzuetako langileen lan baldintzak hobetzea. Gainera, Lurraldeko gizarte zerbitzuetan “murrizketarik gabeko” politika mantentzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Rodríguezek, alegia, Gipuzkoako Foru Aldundian legealdi honetan egiten ari den bezala jarraitzekoa.
Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu duenez, “Gipuzkoak Espainiako Erreinuko gizarte zerbitzu sistema aurreratuena du, Diputazioak aplikatutako politikari esker, izan ere, gizarte babesa eta gastua handitu baititu eta, krisi garaian egin du, gipuzkoar ahulenak babesteko. Mendekotasuna, desgaitasuna, diru sarrera baxuak edo gizarteratze beharrak dituzten pertsonek badakite Gipuzkoan ez dela murrizketarik aplikatzen Diputazioak bere poltsikotik jartzen duelako dirua beste Administrazioen politika antisozialen ondorioak nabaritu ez daitezen, esaterako, Eusko Jaurlaritzak RGIarekin egindakoa edo Mendekotasun Legean Espainiako Gobernuak egindako murrizketak”.
“Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legean murrizketa bortitza egin arren, Gipuzkoak, diru laguntza guztiak mantentzeaz gain, zabaldu egin ditu eta zabaltzen jarraitzeko asmoa du”, gogoratu du Rodríguezek. Konkretuki, Diputaziok diru laguntzak jasotzeko eskubidea uztailaren 1etik aurrera zabaldu egingo duela esan du. Orduan sartuko baitira sisteman I Graduko 1. Mailan baloratutako mendeko pertsonak, alegia, gradu arinena duenak, eta hilero 180 eta 300 euro bitarteko laguntzarako eskubidea izango dute.
EHBilduk Gipuzkoan pobreziari aurre egiteko eta baliabide gutxien dituzten pertsonei existentzia bermatuko dien errenta minimoa emateko duen apustu sendoa ere azpimarratu du.
Era berean, diputatuak gogoratu du EH Bilduk Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak duintzeko egiten duen apustu irmoa gogoratu du, eta baita gizarte zerbitzu publiko eta kalitatezko sarearen defentsa.
Gaur egindako lanketa kolektiboko saioa EH Bildu hauteskunde programa osatzeko egiten ari den partaidetza prozesuaren barruan kokatzen da. Orain arte sei lan saio egin dira eta ehunka hiritar eta sektore anitzetako hogeinaka agentek hartu dute parte. Prozesu honek aurrera jarraituko du hurrengo asteotan eta foru hauteskundeetarako behin betiko programaren aurkezpenarekin amaituko da, martxoan.