Eraso sexisten gorakadaren aurrean, Alternatibako kide eta Bilboko EH Bilduren zinegotzi Ana Etxartek EAJri exijitu dio jabetzea bultzatzeko zein emakumeak zaurgarritasunari aurre egiteko baliabideez hornitzeko, bereziki emakume gazteak.
Martxoaren 8aren harira eta azken egunotan izandako eraso sexistak direla eta, EH Bilduren udal taldeak Udalari eskatu dio berdintasunaren alde bere diskurtsoarekin koherentea izatea eta benetan konpromisoa har dezala bortizkeria matxistaren kontrako borrokan.
Emakumeek indarkeria matxista pairatzen jarraitzen dutela salatu ondoren, Ana Etxarte zinegotzia erabat kezkatuta agertu da horri aurre egiteko Udala erakusten ari den iniziatiba eza dela eta.
Etxartek azpimarratu du Bilbon indarkeria sexista gutxitu beharrean handituz doala. Datuak argiak dira: 2014an izandako askatasun sexualen kontrako delituek %5,4 gora egin dute Bilbon. “Eta hori datu ofizialak baino ez dira, errealitatea askoz larriagoa izango da, guztiok baitakigu salatzen diren erasoak benetan gertatzen direnen parte bat baino ez direla”.
EH Bilduko zinegotziak gogoratu du 2015a eraso sexista berri batekin hasi dela, aurreko egunean 20 urteko gazteak pairatutakoa, hain zuzen. “Adierazgarria da oso aipatutako erasoa, Martxoak 8, emakumeon nazioarteko Eguna ospatzen dugun astean bertan gertatu izana”.
“Beste behin ere, Udalari eskatzen diogu emakumeen jabetzea sustatuko duten berdintasun politika eraldatzaileak martxan jartzeko. Gai honekiko Udalak eman ohi dituen erantzun sinple eta partzialak ez dira baliogarriak indarkeria sexistari aurre egiteko, emakumeen jabetzean oinarrituriko bestelako erantzun integralak jarri behar dira martxan”, azpimarratu du Etxartek.
Indarkeria sexistari aurre egiteko iniziatibak zein baliabide nahikoak eskatu ditu EH Bilduren zinegotziak. “Honetaz gain, beharrezkotzat jo du portaera sexisten aurkako prebentzioa gazteekin lantzea eta eguneroko eraso sexista txikien kontrako jarrera tinkoa erakustea”.
EH Bilduk Berdintasun Sailari eskatu dio intentzio oneko adierazpenetatik baino haratago joatea eta, erakunde feministekin batera, indarkeria sexistari aurre egiteko kanpaina bat abian jartzea, jabetzetik abiatuta.
“Indarkeria sexistaren aurkako kanpainak iraunkorrak izan behar dira. Ezin dira soilik Aste Nagusian izan, are gutxiago beldurrean oinarritutakoak. Unea da Udalak beldurrean oinarrituriko diskurtso paternalista eta biktimista alde batera uzteko. Iaz ateratako esku-orriak ezin dira berriro horrela argitaratu. Erasoak saihesteko estrategiak jabekuntzan oinarritu behar dira eta sexualitate aktiborako eskubidea aitortu behar dute”, adierazi du Etxartek.
Bukatzeko EH Bilduk bat egin du biharko Emakumeen Bizkaiko Koordinakundeak arratsaldeko 7etarako Arriaga Plazan azken erasoa salatzeko deitutako kontzentrazioarekin eta deia luzatu dio jendarteari bertan parte hartzeko.