Bizkaiko Foru Aldundiak EAJ, PSE eta PPri lotutako fundazioei diru laguntza izendunik ez emateko eskatu du EH Bilduk. Koalizioak fundazio eta elkarte guztientzako “aukera berdintasuna” bermatze aldera aurkeztu du proposamena Bizkaiko Batzar Nagusietan.
Asier Vega Alternatibako kide eta koalizioaren bozeramaileak adierazi duenez, Sabino Arana, Ramon Rubial eta Popular Estudios Vascos fundazioek diru laguntza zuzenak jasotzea “pribilegioa” da, elkarte gehienek diru laguntza deialdietara aurkeztu behar dute eta. EH Bilduren ekimenaren aurka agertu dira EAJ, PSE eta PP.
Sabino Arana eta Ramon Rubial fundazioek 560.000 euro jaso dituzte diru laguntza izendunetan, 2007 urteaz geroztik. Popular Estudios Vascosen kasuan, kopurua 375.000 eurokoa izan da.
Diru laguntza izendunak hainbat elkartek jaso ohi dituzte urtero Foru Aldundiaren partetik. Laguntzen deialdietara aurkeztu gabe diru publikoa jasotzeko arrazoia izaten da elkarte jakin interes orokorrekoa den jarduera garatzea eta jarduera hori beste inork ezin betetzea.
Asier Vegaren esanetan, alderdi politikoei lotutako fundazioen kasuan ez dago diru laguntza izendunak emateko justifikaziorik. “Alderdiei lotutako fundazioak diru laguntzen deialdietara aurkeztu daitezke. Horretarako aukera dute, beste elkarte batzuk ez bezala. Are gehiago, Sabino Arana fundazioa Kultura saileko diru laguntzen deialdietan izena eman du aurreko urteetan eta diru publikoa jaso du bide horretatik”.
EAJri lotutako fundazioak deialdi bidez jaso ditu laguntzak, “urteko jarduera” kontzeptupean. Eta kontzeptu berberarengatik jaso du diru publikoa laguntza izendunen bidez ere. Azken lau urteetan, 210.000 euro jaso ditu laguntza izendunetan eta 174.000 euro laguntza deialdietara aurkeztuta. Vegak “gehiegizko finantziazioa” salatu du fundazio horiekiko. “Ezin da gizartearen aurrean justifikatu fundazio hauek dirua automatikoki jasotzea. Are gehiago, gainontzeko elkarteek diru laguntzak jasoko dituzten ala ez jakin gabe haien jarduera baldintzatuta ikusten dutenean”.
EH Bilduk salatu egin du gainontzeko alderdien jarrera, EAJ, PSE eta PPri lotutako fundazioen “pribilegioak” ezabatzearen kontra agertu direlako.