Alternatibako kide eta Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek, Mendekotasunaren Arretarako zuzendari Txelo Pérezekin emandako prentsaurrekoan, bere kezka azaldu du adinekoen egoitzetako lan hitzarmen berria sinatzeko dauden elkarrizketen egoeraren aurrean. Adegi eta Lares patronalek eta langileen ordezkaritzak joan den azaroaren 7an hasiera eman zioten Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilerei, eta oraindik ez dute emaitzarik eman.
Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du 11 milioi euroko aurrekontua bideratzeko hiru urtetan, Lurralde Historikoan administrazioarekin hitzartutako plazak dituzten egoitzetako eta eguneko zentroetako 4.800 langileen lan baldintzen hobekuntza finantzatzeko. Modu horretan lortu nahi da gaur egun langileen ordezkarien eta patronalaren arteko negoziazioan dagoen atzera-aurrera gabeko egoera gainditzea.
Atzera-aurrera gabeko egoerak jarraitzen badu, probintziako hitzarmen bat sinatzeko bidea emango duen adostasunera ez iristeak lan gatazka bat eragin dezake, duela bi urte gertatutakoaren antzekoa, grebak eta lanuzteak eragin zituena, eta zentroetako erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuan eragin zuzena izan zuena. Diputatuaren hitzetan “kezka handiz ikusten dugu egoera, zerbitzuaren kalitatea murriztuko litzatekeelako eta entitate kudeatzaileen langileengan ezegonkortasun handia sortuko lukeelako”.
Rodríguezek gogoratu du Gipuzkoako Lurralde Historikoak gaur egun adinekoentzako 7.044 plaza dituela egoitza eta eguneko zentrotan, eta horietako 5.932 foru sarekoak dira eta hitzartuta daude, prezio publikoa finkatuta; hau da, irabazi asmoko edo irabazi asmorik gabeko entitateek kudeatzen dituzte eta Foru Aldundiak finantzatzen ditu. Beraz, foru erakundearen ardura da Lurraldean eskaintzen diren plazen %84 finantzatzea eta alor horretako 4.800 langileren soldatak ordaintzea.
Rodríguezek baieztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura dela kalitatezko zerbitzua eskaintzea finantzatzen dituen eta herritarren eskura jartzen dituen hitzartutako plaza publikoetan. Halaber, Foru Aldundiak uste du aipatutako zerbitzuetan lan egiten duten langileen lan eskubideak betetzen direla zaintzeko betebeharra duela, baldintza horiek eskainitako zerbitzuaren kalitatearen mesederako baitira.
Horregatik, bi aldeek administrazioa interpelatu dutenez, Foru Gobernuak proposamen bat aurkeztu zien atzo patronalari eta sindikatuei, mahaia desblokeatzeko. “Oinarria argi eta garbi dago. Alorreko ezaugarriak kontuan hartuta, Foru Administrazioaren gastuaren mendekoa denez, Foru Aldundiak entitate kudeatzaileen aurrean konpromisoa hartzen du finantzazio nahikoa bermatzeko, langileen soldatak igo eta lan baldintzak hobetzearren”, adierazi du Rodríguezek.
Gipuzkoako emakume zaintzaileen lan eta soldata baldintzen hobekuntza gobernu honen apustu estrategiko bat da, hala, aurreko hitzarmenean langileen baldintzak hobetzeko 8 milioi euro bideratu zituen.
Txelo Pérez zuzendariak azaldu duenez, proposamenak bi urteko indarraldia izango du, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako atzera eraginarekin, salbu gehiagoko indarraldia duten artikuluen kasuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki honen bidez hartutako konpromiso handienetakoa soldaten igoerari buruzkoa da.
PROPOSAMENA:
– Soldatak:
– 2015: soldata igoera kontzeptu guztietan (salbu antzinatasunean) % 2.
– 2016: soldata igoera kontzeptu guztietan (salbu antzinatasuna) KPIa gehi %2.
– Antzinatasunaren gehigarria:
– Hirurtekoak balio hauek izango ditu. 22 euro 2015ean, 24 euro 2016an, eta 26 euro 2017an.
– Atseden ordaindua:
– 20 minutuko atsedena hartzeko eskubidea izango dute lanaldi jarraitua edo zatitua izan eta egunean bost lanordu baino gehiago egiten dituzten langileek. 2015eko eta 2016ko urteetan, atsedenaldiaren % 25 ordaindua izango da, eta 2017an, % 50.
– Igande eta jaiegunetako gehigarriak:
– 2016an, 30 euroko gehigarria emango da igande edo jaiegun bakoitzeko, kategoria guztietan.
– Gehigarri erreferentziala:
– 2017rako, hilean 180 euroko gehigarria emango zaie erizaintzako eta geriatriako laguntzaileei, baldin erreferentziazkoak, koordinatzaileak, arduradunak edo kargudunak badira.
Horrez gain, gai hauek hobetu egingo dira, edota adostu langileen gehiengo ordezkaritzarekin:
- Lizentzia ordainduen erregimena eta soldatarik gabeko baimenak.
- Ezintasun Iragankorreko osagarria.
- Gaueko lanaren gehigarria.
- Erreformaren kontrako artikuluak.
- Enplegu prekarioa saihesteko hobekuntzak (lan poltsa, egutegiak, atsedenaldiak, lanaldi partzialeko langileak, eta abar).