Alternatibako kide eta EHBilduren parlamentari Diana Urreak Urkullu lehendakariari Berdintasunerako Legearen inguruan zuzendutako partehartze gogorra eta sendoa.
Berdintasun Legeak 10 urte egin dituen honetan,Lege hori ezarri eta betetzea benetako lehentasuna al da Jaurlaritzarentzat? Badaude, batetik, letra larriz idatzitako legeak eta badaude, bestetik, paperean geratzen direnak. Tamalez, Berdintasunerako Legean jasotako arauak eta neurriak betetzea borondate kontua izaten ari da. Lege batena baino gomendio-sorta baten antz handiagoa du.
Erakunde publikoen barne-antolaketan eta koordinazio-guneen sorreran aurrerapausoak egin direla ukatu gabe, Legean aurreikusitako neurri gehienak paperean soilik daude oraindik. Aurrerapausoak eman badira, eragileen borondateagatik eta sentsibilitateagatik izan da, ez Legeak probokatuta. Jaurlaritza ez da ezer egiten ari Legea gauza dadin.
Legeak aldaketarako potentzial handiko elementuak proposatzen ditu, politika publikoak egiterakoan genero-eragina ebaluatzeko azterketak egiteko betebeharra kasu. Hau da, edozein politika publiko egin aurretik, politika zehatz horrek emakumeen eta gizonen bizitzen gain izango lukeen eragina aztertu beharko litzateke eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak ezarri. Potentzial handiko neurria baina, hamar urteren ondoren, garatzeke dagoena.
Erakunde publikoak ezezik, hedabideak eta publizitatea ere interpelatzen ditu Berdintasunerako Legeak, baina gehienek horietako asko balio eta estereotipo sexisten habia izaten jarraitzen dute, Legeari bizkarra emanda.
Gure ustez larriena da: Euskal Irrati Telebista publikoabehar lukeenak ez dituela irizpide hauek jarraitzen. Legearen ahulezia nabarmena da esparru honetan. Hedabideak eta publizitatea ez dira interpelatuta sentitzen, baina Jaurlaritzak interpelatzen al ditu?
Erabakigune eta botereguneei dagokienez, emakumeen eta gizonen parte-hartzeak parekidea behar duela izan jasotzen du Berdintasunerako Legeak. Emakumeek, baina, erabakigune nagusietatik baztertuta jarraitzen dute. Apartheid egoera da araua eta parekidetasuna salbuespena.
Emaitza: Emakumeek galtzen jarraitzen dute, lanaren banaketa desorekatua sufritzen, lan-merkatuan bigarren mailako enplegatu eta etxeko zaintzaile nagusi. Paradoxikoa dirudien arren, emakumeek, bizitzaren eta ongizatearen arduradun nagusiak, ez dute bizitzaz eta ongizateaz gozatzeko eskubiderik.
Berdintasunerako Legea ez da tresna eraginkorra izaten ari, batez ere Legea gauzatzekoborondate politikoa falta delako. Urteetan gerorako, biharko, utzi da eginkizun hau; baina bihar iritsi da, eta bihar orain da.