Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak erantzunkizunak eskatu zizkion atzo Ingurumenako Diputatu Iosu Madariagari, Artigaseko medialdea bi hilabete luzez tratatu gabeko hondakinez estalita egon denean, berak inolako azalpenik eman gabe.
Bizkaiko Foru Aldundiak onartu duenez, Bizkaiak ez ditu hondakin guztiak aldez aurretik tratatzen zabortegietan utzi aurretik, orain arte kontrakoa ziurtatu badu ere. Hala ikusi daiteke hedabide batek argitaratu dituen argazkietan, Artigasko zabortegiaren inguruak tratatu gabeko plastiko poltsez estalita agertzen baitira. Artigaseko baso inguruen egoerari buruzko azalpenak emateko aurkeztu da gaur Iosu Madariaga Batzar Nagusietan, EH Bilduren eskariz. Tratatu gabeko hondakinak zabortegietara bidaltzeari buruz honakoa esan du: “Hori noiztik da arazo bat? Ze arautegik esaten du hori ezin dela egin?”
Madariagak adierazi duenez, Artigaseko inguruak garbi daude dagoeneko. Aldiz, hedabide batek gaur argitaratu dituen argazkiek kontrakoa frogatzen dute. Asier Vega EH Bilduko batzarkideak argazki horiei buruz galdetu dio Madariagari. “Irudi hauek ikusita, inguruak garbi daudela ziurtatu dezakezu?” Diputatuak erantzun du gertakari horiek “normalak” direla eta “txikikeriatzat” jo ditu.
Ingurumen diputatuak ez du argitu ezta ere zergatik bete ziren Artigaseko inguruak plastiko poltsez, zergatik zeuden hondakin horiek tratatu gabe eta zergatik ez ziren behar bezala estali, haizeteak eraman ez zitzan. “Azalpenik ematen ez bada, bakoitzak bere ondorioak atera ditzake” erantzun dio Vegak. “Gure ustez, hondakin horiek aldez aurretik tratatu gabe isuri ziren zabortegira eta ez ziren behar bezala estali. Eta beraz, Europak zehazten dituen gomendioak urratu ziren. Gainera, uste dugu hondakin horiek ez direla oraindik garbitu eta Artigaseko inguruetan jarraitzen dutela”.
Aldundiak onartu egin du Artigaseko zabortegira eramaten diren hondakin guztiak ez direla aldez aurretik tratatzen, nahiz eta TMB planta ondoan egon. Beraz, agerian gelditu da Artigasko TMB planta ez dela gai hondakin guztiak tratatzeko zabortegira bidali aurretik. EH Bilduren iritziz, Bizkaiko hondakin kudeaketak hutsune garrantzitsua du zentzu horretan ere. “TMB plantak gainezka egin du, ez ditu hondakinak tratatu eta tratatu gabeko hondakinak eraman dira Artigasko zabortegira” ziurtatu du Vegak.
Haizeteak tratatu gabeko hondakinak barreiatu zituenetik, bi hilabete pasa dira eta Aldundiak azalpenak eman arte hainbeste denbora igaro izana kritikatu du EH Bilduk. “Bizkaiko Aldundiak ez du gardentasunez jokatu, ezta arduraz ere”. Vegaren iritziz, kudeaketa ona izan bada, ez luke arazorik egon behar azalpenak emateko.
Irakurri ehbildu.eus webgunean