Alternatibatik Espainiako estatuko aparailu zapaltzailearen enegarren erasoa salatu nahi dugu. Berriz ere, elkartasuna gehien zabaltzen dutenen kontra egin dute: herrien duintasunaren alde borroka egiten dutenen aurka.
Hamaika borroketan aritzen diren ezinbesteko pertsonak dira, Euskal Herrian beti ikusi izan dugulako beharrezkoa beste herriekiko elkartasuna eta xamurtasuna erakustea, gure herriak pairatzen dituen bidegabekeriak salatzearekin batera.
Espainiako gobernuak Askapenaren internazionalismoa kriminalizatu nahi du, helburu argiekin: ezker iraultzailearen balioak eta, beraz, Euskal Herriarentzat eta Euskal Herritik eginiko internazionalismoa zigortzea.
Alternatibatik Askapenak sustatutako elkartasun internazionalistarako manifestuarekin bat egiten dugu, eta epaiketa politikoen amaiera exijitzen dugu.
Besarkadarik beroena helarazi nahi diogu erakunde horri, mundu justu, solidario eta askea eraikitzeko helburuan bidaide dugulako.
Manifestu honi atxikimendua adierazi dio Alternatibak
Internazionalismoa ez da delitua
Espainiako fiskalak Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke ilegalizatu eta Walter Wendelin, Aritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez euskal internazionalistak 6 urtez espetxeratzeko eskariaren aurrean, behean sinatzen dugun Euskal Herriko eragile, antolakunde, alderdi eta sindikatuok hurrengoa adierazi nahi dugu:
Lehenik, eskaera hau, pertsona bezala dagozkigun funtsezko eskubide sozial eta politikoen kontrako eraso berri bat dela salatu nahi dugu. Hain zuzen, onartezina eta antidemokratikotzat jotzen dugu Estatu Espainolak, interes partidario eta politikoen arabera besterenezineko eskubideak mozteko duen enpeinua, baita antolatzeko eskubidea bera ere.
Fase berri batean gaudela ohartarazi nahi dugu, eta gaur inoiz baino gehiago Euskal Herriak ez du ulertzen, ezta onartuko ere, errepresio, ilegalizazio eta herritarren espetxeratzean oinarritzen den dinamikan preso jarraitzea. Fiskaltzaren erabakia gure funtsezko eskubideen kontrako eraso bat bezala ulertzen dugu, eta aldi berean, gatazkaren konponbide demokratikorako oztopo arduragabea.
Hau honela, auziperatu eta ilegalizazioarekin mehatxatutako antolakundeei gure elkartasuna helarazi nahi diegu. Eragile hauen ekinbide politikoa, elkartasun internazionalistaren eremuan, gure herriaren eraikuntzan ekarpen handia dela aintzakotzat hartzen dugu. Hain zuzen, brigaden urteroko antolaketa, munduan zehar emantzipazio bidean dauden prozesuen gaineko elkartasun kanpainak edo eta potentzia inperialista handiek burututako eskubide indibidual eta kolektiboen urraketen salaketak gure herriko kultura politikoaren barnean kokatzen diren jarduerak dira. Urte luzeetako lan guzti honek, beste herri batzuekin elkartasunezko eta errespetuzko harremanetan sakontzeko aukera eman digu, errealitate ezberdinak gerturatuz baina mundu justu eta parekide bat lortzeko borroka berdin batean batuz.
Honegatik guztiagatik, Euskal Herria internazionalista baten alde lan egiteko beharra eta eskubidea, eta herri burujabeen arteko elkartasunezko harremanetan eraikiko den mundu bat aldarrikatu nahi dugu. Pertsona eta antolakunde internazionalista hauek modu eredugarrian garatu duten ezinbesteko lana eta horregatik, gure lan eremuetatik lagunduz, elikatuz jarraitzeko konpromisoan berresten gara.
Errepresiorik ez!
Gora Euskal Herria internazionalista!