Alternatibako kide Joxe Iriarte ‘Bikila’ eta Kepa Olaiz izango dira, besteak beste, bihar arratsaldean Madrilen egingo den manifestazioan.
Duela urtebete, Andaluziatik deitutako Duintasunaren martxak, Espainiako estatuko eragile sozial eta sindikal ugariren babesarekin (tartean Euskal Herria zutabean elkartutakoak), ehunka milaka lagun bildu zituen Madrilen, aldarrikapen argiarekin: jatekoa, lana, etxebizitza eta duintasuna.
Egunotan Madrilera abiatutako martxak, bihar arratsaldez manifestazio bakarrean bilduko direnak, bestelako helburua duen bidearen urratsa izango dira, hain zuzen ere, urrian Greba Orokorra antolatzeko asmoz eta helburu zehatzekin: zilegia ez den zorra ordaintzea auzitan jartzea; zerbitzu publikoen defentsa; lan duina eta lan eskubideak; emakumeen eskubideen defentsa; gazteen etorkizuna bermatu; zapalkuntza eta mozal legeak salatu; finantza botereen mesederako TTIP bezalako akordioak bertan behera utzi; etxebizitza duina eskatu; pertsona, herrien eta nazioen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu; etab.
Euskal Herrian zein Katalunian martxan diren autodeterminazio prozesuenganako aitortza eta babes ageriagoa gustatuko litzaigukeen arren, aipatutako helburu horiekin bat egiten dute Alternatibak eta EH Bilduk. Helburu horiek lortzeko bidearekin era bat gatoz, argi utzita Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoak izango direla horiek lortzeko moduak, bideak eta denborak erabakiko dituztenak. Kontuan hartu beharreko ezaugarriak dira espainiar estatuko gainerako eragileentzat, behin baino gehiagotan ahaztutako ezaugarriak baitira.
EH Bildutik azpimarratu beharra dugu aro politiko jakin honetan hauteskundeak daudela tartean eta oso litekeena da erakundeetan aldaketa garrantzitsuak ematea. Aldaketak ez dira benetan gauzatuko, alabaina, herritarrak ahaldundu gabe, indar politiko eta sozialen korrelazioa eraldatuta. Prozesu horrek elkartasuna izan behar du oinarri, espainiar estatuaren baitako zein kanpoko herri eta nazioekin. Greziak emandako irakaspena da. Gobernu ezkertiar bat aurrerapausoa da, kontraesanak kontraesan, herriaren eskakizunei erantzuteko orduan. Baina Troikaren oztopo eta presioek aldaketa horiek trabatu eta desegin ahal dituzte ez bada herri bat kalean, nazioarteko elkartasunak babestuta.
Euskal ezker subiranistarentzat, herri desberdinetako langileen arteko aliantzaren isla dira mobilizazio hauek. Helburu komunak gauzatzeko tresnak: benetako demokrazia ezarri, kapitalismo guztiz bidegabeari aurre egin eta botere finantzarien mesederako eraikitako Europako Batasunaren eredua iraultzea.
Euskal Bidearekin sustatu nahi dugun prozesua, gure prozesu eratzailea alegia, izaera anitzeko fronte politiko eta soziala sortzearekin uztargarria da, Europa osoko askotariko mugimenduak bere baitan hartuko dituena: ekologismoa, feminismoa, langile borroka, nazio askapena, oinarrizko askatasun demokratikoen babesa, antikapitalismoa, internazionalismoa, eta abar.
Guzti horrengatik. EH Bilduko militanteak Euskal Herria zutabearen baitan parte hartuko dute bihar arratsaldean Madrilgo manifestazioan amaiera izango duen mobilizazioan.