Proiektua zorrotz aztertu gabe AHTn milioika euro xahutzea egotzi dio EH Bilduk lehendakariari. “Sekulako arduragabekeria da horrelako proiektu bat propaganda hutsean eta gezurretan bakarrik oinarritzea”.
EH Bilduk eskandalagarritzat jo ditu Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko proiektuari buruz argitara atera diren azken informazioak, “agerian utzi dutelako proiektu hori ez dela oinarritu kostuak eta onurak aintzat hartzen dituzten txosten zorrotzetan, propaganda politiko hutsean baizik”, Dani Maeztuk eta Oskar Matutek salatu dutenez. Abiadura Handiko Trena estrategikoa dela besterik ez argudiatzea ez da nahikoa; bada garaia lehendakariak azaltzeko zein datu eta txosten objektibotan oinarritu den gastu erraldoi hori justifikatzeko. Horixe da EH Bilduko datorren ostiralean, Kontrolerako Osoko Bilkuran, eskatuko diona, Urkulluk azalpen horiek guztiak zor dizkielako herritarrei.
Maeztuk eta Matutek ohartarazi dutenez, “orain arte ezagutu diren txosten tekniko guztiek agerian utzi dute AHTren errentagarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa hutsaren hurrengoa dela; ez Lakuak, ez Madrilek ez baitute txosten edota datu objektibo bat ere eman proiektua justifikatzeko. AHT propagandan eta gezurretan bakarrik oinarritzen da eta lotsagarria da diru publiko kopuru izugarria behar duen tamaina horretako obra bat martxan jartzea aldez aurretik kostuak eta onurak zorrotz aztertu gabe”. Horren froga dira Ingurumen Sailburuak horren inguruan emandako azken erantzunak, oso nabarmen geratu baita Jaurlaritzak ez dakiela ez zenbat denbora beharko den geltoki batetik bestera joateko, ez zenbatekoak izango diren mantenu-kostuak, ez zein izango den bidaia-txartelen prezioa, eta ahaztu gabe Euskal Y hori irla bat baino ez dela izango, ez baitu loturarik izango ez Bordelerekin ez Burgosekin. Finean, “Urkullu balez kargatutako Errusiako erruletara jokatzea proposatzen ari zaigu, baina, hori bai, herritar guztion diruarekin”.
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideek eskandalagarritzat jo dute AHTn “milioika euro xahutzen jarraitzea, proiektu hori inora ez doalako eta altxortegi publikoa hipotekatzen duelako”. Gogora ekarri dutenez, abiadura handiko trenak “ez du merkantziarik garraiatuko, ez ditu kamioiak errepidetik aterako, ez ditu CO2 emisioak murriztuko, ez da tren soziala izango eta elite ekonomikoarentzat ere ez da tren lehiakorra izango”. Beren esanetan, “diru xahuketa eta zentzugabekeria baino ez da”.