Hurrengoa asteazkenean, apirilak 15, Alternatibak antolatutako hitzaldi sortari hasiera emango diogu Donostian, Syrizak boterea eskuratu ostean, Greziaren egungo egoera ekonomiko, politiko eta soziala aztertzeko. Ezkerraren garaipen argia eman denean, NDFaren eta Europako Batzordearen politika ekonomiko lazgarriei aurre egiteko Greziako herriak gainditu beharreko erronken inguruko gogoeta egingo dugu. Izan ere, bere burujabetza berreskuratzeko borrokan ari den herria dugu Grezia.
Hizlari, Atenasen bizi den abokatu eta kazetari Hibai Arbide izango da gurekin; gizarte ekintzaile ezaguna, okupazioaren, gizarte mobilizazioetako atxilotuen eta migratzaileen defendatzaile, eta gehiegikeria polizialen salatzaile sutsua ere bada. Greziako herritarren errealitatea bertatik bertara ezagutzen duen hizlaria da, hartara, gurekin izango duguna.
“Grezia eta zorra, Irabazten ari gara?” izenburupean, lehenengo hitzaldia apirilaren 15ean, asteazkenean, egingo da, Alternatibaren Donostiako egoitzan (Autonomia kaleko 15.ean), arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bigarrena Bilbon egingo da, apirilaren 16an, osteguna, Hika Ateneoan (Ibeni kaia 1), 18:30ean. Hitzaldi irekiak dira aretoa bete arte.