Etxeko Laguntza Zerbitzuari buruz, Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Sailarekin batera antolatutako Gizarte Mintegiaren ondorioak aurkeztu dituzte Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatuak eta Iker Usón Deustuko irakasleak. Foru arduradunaren iritziz, “egindako azterketak emaitza kezkagarriak erakusten ditu eta, beraz, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren ikuspegiari, edukiari eta finantzaketari buruzko erakundeen arteko beste akordio bat adostu beharko litzateke, erabiltzaile kopuruaren jaitsiera geldiarazteko eta zerbitzuaren eraginkortasuna familia inguruneko zaintzarako sistemaren barruan hobetzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundia Etxeko Laguntza Zerbitzuaren prezioa merkatzearen alde eta erabilera hori beste kolektibo batzuetara zabaltzearen alde azaldu da gaur, adineko eta desgaitasuna duten pertsonez gain, buruko gaixotasunak dituzten pertsonek edo etxean zaintzak behar dituzten adingabeek ere zerbitzu hori erabiltzeko aukera izan dezaten. Halaber, foru administrazioak beharrezkotzat jotzen du lurraldeko lan hitzarmena sinatzea, alor horretako langileen baldintzak hobetzeko eta zerbitzuaren egonkortasuna eta kalitatea bermatzeko. Horrela, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eraginkortasuna hobetu nahi da, azken urte hauetan jaisten ari baita erabiltzaileen kopurua.
Usónek azaldu duenez, alor desberdinetako 21 profesionalek parte hartu dute lan horretan –udalak, Aldundia, unibertsitatea eta alorreko enpresen arduradunak-. Etxeko Laguntza Zerbitzua zerbitzu publikoa da, beren kasa baliatzeko arazoak dituzten pertsonei etxean laguntza ematera zuzendutakoa, beren ingurunean ahalik eta denbora gehien bizi daitezen. Nahiz eta udal eskumenekoa izan, zerbitzuak Aldundiaren %70eko finantzaketa du. Une honetan, Gipuzkoako adinekoen %3,4ak erabiltzen du zerbitzua, eta ehuneko hori behera doa etengabe (2011. urtean %3,9).
Mintegiaren emaitzen arabera, hauek dira gainbehera horren arrazoietako batzuk: ordainketa partekatua altua da jendearen ustez; lehiakortasun ekonomikoa baxua da zaintzen inguruko merkatu beltzaren aurrean; malgutasun gutxi dago intentsitateari eta ordutegiei dagokienez; ez dago lan-hitzarmenik…
Mehatxu horien aurrean, diputatuak azpimarratu du beharrezkotzat jotzen dela hainbat hobekuntza sartzea Etxeko Laguntza Zerbitzuan, azterketak ezarritako gomendioei jarraituz:
– Kolektibo berriak sartzea Etxeko Laguntza Zerbitzuak jasotzen dituztenen barruan (adingabeak eta buruko gaixotasuna duten pertsonak).
– Erabiltzaileen ordainketa partekatua merkatzea
– Intentsitatea eta ordutegiak malgutzea
– Eskatzea Eusko Jaurlaritzari arbitratu ditzala Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen prestakuntza egiaztatua emateko baliabideak
– Etxeko Laguntza Zerbitzua eskaintzen duten entitate eta enpresek lan sistemak ezartzea, lehentasuna emanez langilearen eta zaintzak jasotzen dituen pertsonaren arteko harreman egonkorrari.
– Gizarte eragileek lan hitzarmen probintziala negoziatzea, langileen baldintzak hobetzeko eta alorraren egonkortasuna bermatzeko.
Pertsona desberdinak urtero
|
Autonomoak |
Mendekoak |
GUZTIRA |
2007 |
2.549 |
3.597 |
6.146 |
2008 |
2.148 |
4.224 |
6.372 |
2009 |
1.938 |
4.251 |
6.189 |
2010 |
1.740 |
3.986 |
5.726 |
2011 |
1.637 |
3.810 |
5.447 |
2012 |
1.637 |
3.632 |
5.269 |
2013 |
1.502 |
3.373 |
4.875 |