Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatu du etxean bizi diren eta mendekotasuna duten pertsonak laguntzea zainketa duinak eta kalitatezkoak jasotzen dizutela bermatzeko eta zainketa lanak egiten dituzten senideen ongizatea bermatzeko. Ikuskapen hau egiteko, foru erakundeak segimendu eta ebaluazio tresna bat garatu eta Udalen esku jarri du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du ezagutzera Mendekotasuna duten pertsona eta beren zaintzaileei buruzko Ikerketa, Donostiako San Telmo museoan izandako mintegian. Bertan, Gipuzkoako gizarte zerbitzuetako 120 aditu baino gehiagok hartu dute parte, hauen artean, foru eta udal teknikari eta gizarte langileak. Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek azaldu duenez, esperientzia pilotu gisa, 10 hilabetez, Irun eta Arrasateko udaletan laguntza zerbitzu bat jarri da martxan eta mendekotasuna duten pertsonekin bizi eta inguruan zaintzeko laguntza ekonomikoa jasotzen duten 320 familiaren egoera aztertu da.
Rodríguezek azaldu duenez, egun Gipuzkoan 9.200 pertsonak jasotzen dute zainketarako laguntza hau: “Administrazio publikoek adinekoek behar dituzten zainketak jasotzen dituztela ziurtatu behar dugu eta zainketa hauek beharrezko baldintza higieniko-sanitario, elikadura nahikoa, tratu duin, dagozkien etxeko laguntza tekniko, harreman sozialak kaltetu gabe eta abarrean egiten direla. Gainera, kontuan izan behar dugu zaintzea lan gogorra dela, urtetan luzatu daitekeela eta eragin handia izan dezakeela emozio, osasun, harreman eta bizi sozialean”.
Irun eta Arrasateko 320 pertsonekin egindako ikerketaren arabera, aztertutako kasuen erdian familiaren egoera hobetu egingo litzateke eskatu ez dituzten gizarte zerbitzu publiko zenbaitekin, esaterako, teleasistenzia, laguntza teknikoak, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzua, laguntza ekonomikoak, zaintzaileentzako atsedenaldi egonaldiak, laguntza psikologikoa…
Diputatuak azpimarratu duenez, “ematen den arretak nahikoa intentsitate duen, kalitatea egokia den eta zaintzaileek beren rola baldintza onetan egiten duten baloratu ahal izan da gizarte langileek egindako elkarrizketa, etxeetarako bisita eta egoeraren azterketari esker -Udalen lankidetza eta Matia Institutuaren laguntza teknikoarekin-. Horrela, familiei aholkuak eman eta familiak zerbitzu berrietara bideratu ahal izan dira, beren bizi kalitatea hobetzeko. Gainera, garrantzitsua da esatea gizarte langileek erakutsi duten poztasun altua eta baita etxeetan ekimen honek izan duen harrera ona. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela Gipuzkoan adinekoak zaintzen dituzten familientzat laguntza zerbitzu bat abian jartzea”.