Donostia hiri soziala da; politika sozialetan erreferentea. Donostiako Udalak gizarte ongizatean egiten duen inbertsioa da horren erakusle. Agintaldi honetan %7,74 igo dira alor horretara bideratzen diren baliabide ekonomikoak; 22.134.160 eurotik 23.993809 eurora. Lan eremu eta kapitulu guztietan egon da igoera, baina, bereziki bigarren kapituluan, zerbitzuetan: %57,9ko hazkundea (13.899.388 euro). Hori guztia udal aurrekontu orokorra murriztu egin denean. Hona hemen memoria osoa.
Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotzi eta Alternatibako kideak iazko memoria aurkezteko garaian eman ditu ezagutzera datuok: “Udal Gobernuaren lehentasuna pertsonak direla nabarmendu nahi dut, eta gaur aurkeztera gatozen datuak horren erakusle dira: pertsonak gure politiken ardatzean jarri ditugu, eta gastu sozialean eta zerbitzu publikoetan inbertitu dugu, oinarrizko zerbitzuak sendotuz”. Zinegotziaren hitzetan krisi garaietan politika sozialetan sakontzea beste eredu baten erakusle ere bada: “Politika soziala egin eta ulertzeko beste modu bat jarri dugu agerian eta argi dago donostiarrentzat eskubide direla ongizate zerbitzuak; sare zabala daukagu herritarrak artatzeko eta baliabideak eta laguntza ekonomikoak hazi egin dira”.
Donostiak zazpi gizarte zerbitzu dituela eta horietan guztietan iaz 13.615 pertsona artatu zirela zehaztu du zinegotziak, aurreko urtean baino %3,7 gehiago – horietatik 3.080 lehen aldiz gerturatu ziren zerbitzuetara-: “Donostiarrek egindako gizarte arloko eskaera ekonomiko guztiei erantzuna eman diegu. Udalaren ekarpen garrantzitsu honek, galga sendoa jarri ahal izan dio muturreko pobreziari edota jende ugarik etxea galtzeari, eta donostiarren ongizatea hobetu dugu”. Donostiak, zentzu horretan, aurten beste gizarte zerbitzu bat izango duela nabarmendu du Albizuk: “Loiolako Erriberetako gizarte zerbitzua errealitate bat izango da aurten, herritarrei zerbitzu hurbilagoa eta hobea emateko helburuarekin sustatu dugu proiektua, izan ere dakizuen bezala gizarte zerbitzuen sistemaren lehen sarbidea dira”.
Iaz 16.582 espediente tramitatu ziren, taulan zehazten ditugu gaika:
Udal baliabideei dagokionez, gizarteko segmentu kaltetuenei laguntzak bideratzea izan da ardatza. Ildo horretan, udalak laukoiztu egin ditu agintaldi honetan udal diru laguntzak:220.205 eurotik 783.136 eurora. Hauen familia onuradunak ere zabaldu direlarik lau urteotan: 239 familiatik (2011), 679 familiara (2014). Pertsona kopuruari dagokionez zehaztu guztira 1.455 pertsona direla: 785 emakume eta 671 gizon. Zentzu horretan esan, diru laguntzen sistema osoan gertatzen den moduan, hemen ere emakumeen kopurua gizonena baino nabarmen handiagoa dela. Albizuren hitzetan laguntzak eskatzen dituzten pertsonen perfilak patroi komun bat daukate: “Gizarte bazterketak emakumearen aurpegia dauka eta hau egituraren ikuspegitik aztertu beharreko kontua da. Ezin du kasualitatea izan datuak hain esanguratsuak izatea”.
Jon Albizuk gogoratu du diru laguntza hauek puntualak direla, ez aldizkakoak:“Oinarrizko beharrei aurre egiteko eta bazterketa soziala jasotzeko arriskuan dauden pertsona edo familiak gizarteratzera bideratuta daude”. Ildo horretan nabarmendu du hipotekak edo etxebizitzarekin lotutako gastuak ordaintzera bideratzen direla laguntza hauen %43,41, hau da, 340.000 euro: “Diru laguntza hauen bidez etxegabetzeak saihesten dira”.
Laguntza fiskalek ere aipamen berezia behar dute. Zerga eta tasa ezberdinak ordaindu ahal izatera bideratzen dira eta iaz 3.203 pertsona onuradun izan ziren, horietara bideratutako dirua 183.684 euro izan zelarik.
Iaz emandako aurrerapausoen artean etxez etxeko laguntza azpimarratzekoa da, izan ere, lehen aldiz zerbitzu honetarako prezio publiko bat ezarri zen iazko apirilean, zerbitzuaren kostuaren azpikoa dena – zerbitzuaren kostu erreala 20,53 eurokoa da eta prezio publiko berriaren arabera gehienez 18,75 euro ordaindu behar dira-. Jon Albizuren hitzetan neurri honi esker zerbitzua bermatzen da: “Etxez etxeko zerbitzua funtsezkoa da, nagusiki zerbitzu honek artatzen dituen adinekoen esparruko politiketan, hau da, norberaren etxean bizitzen jarraitzeko estrategia garatzeko politiketan. Estrategia horretan aurrera egiteko hartutako erabaki honek erabiltzaileen ekarpena leuntzea du helburu, honela zerbitzua erakargarriago izan dadin herritarrentzat”. Ildo horretan, iaz 468 eskaera berri jaso ziren eta guztira 1.535 pertsona artatu ziren zerbitzu honen bitartez, zerbitzuak.Donostiako Udalak zerbitzu honetara bideratzen duen ekarpenak ere igoera nabarmena izan du agintaldi honetan, izan ere, 1.748.000 eurotik 3.142.000 eurora.
Donostia Lagunkoia martxan jarri izana ere hor txertatzen dela ere adierazi du zinegotziak. Albizuren esanetan pertsona adinduak gure gizartearen agente aktiboak dira: “Donostiako herritarren %22 adinduak dira eta hauei bereziki zuzendutako sustapenerako eta partaidetza aktiboko programak jarri ditugu martxan beraiekin elkarlanean, beraien eskuetan tresnak jarriaz, gure hiriko dinamiketan parte hartu dezaten”.
Etxez etxeko laguntzatik at, adinduen zerbitzuetara bideratzen diren baliabide ekonomikoak, guztira, 3.152.724 euro dira. Hemen hainbat eta hainbat zerbitzu eta programa daude; etxean obrak egiteko laguntzak, etxebizitza sozialak, zahar etxeei diru laguntzak eta ekintzak antolatzeko programak. Zahartze aktiboa sustatzeko programa ere garatu da, + 55, eta honetan 540 ekintza egin zirela iaz, eta horietan guztietan 19.674 lagunek hartu zutela parte.
Etxez etxeko laguntzara bueltatuz eta kolektiboei erreparatuz nabarmendu behar da adin txikikoei jartzen zaien arreta. Zerbitzu honetan artatu diren lagunen %2,1 baino ez badira ere, zaintza beharra duten adin txikikoei ere zerbitzua eskaintzea izan da eta apustuetako bat.
Guztira 418.486,6 zerbitzu ordu eman ziren iaz etxez etzeko zerbitzuan, eta izandako gastu osoa 8.637.488,68 eurokoa izan zen, partida sendoenetakoa. Udalaren ekarpena gastu osoaren %36,37 da, erabiltzaileen ekarpena %13,12koa, da eta beste guztia diputazioaren finantziazioaren bitartez ematen da. Orduak mantendu egin dira hurrengo taulan ikus daitekeenez, eta beste inguruko herri, hiri eta abarretan gertatzen ari denaren kontrako joera egon da.
Adingabeetara itzuliz, esan kolektibo honi eta bere familiei zuzendutako programak eta zerbitzuak ere anitzak direla. Partida orokorra 2.156.147 eurokoa da. Babesgabetasun arriskuari aurre egiteko interbentzio ekimena azpimarratzekoa da hemen, ebidentzian oinarritutako bi programa dira: SafeCare eta Incredible Years. Programa berri hauek prebentzioan jartzen dute arreta eta horretarako babesgabetasun kasuak identifikatzeko protokoloak ezarri dira alor ezberdinetan, beste eragileekin elkarlanean. Zerbitzu sozialen bidez, berriz, adingabeen babes gabeziaren inguruko 678 kasu artatu dira.
Udalaren eskumen ez diren bestelako baliabideei ere erreparatuko diegu azkenik. Gipuzkoako Foru Aldundiak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenei bideratutako laguntzak 396 onuradun izan zituzten iaz. Laguntza hauek lurraldean 12 hilabete erroldatuta daramaten pertsonei daude bideratuta eta baita adin nagusiko izatera iritsi izanagatik baliabideetatik kanpo geratu diren gazteei, une horretan gizarteratzeko bizilekurik eskuratu ez dutenean edo familiartekoekin bizi ez direnean. Foru Aldundiak 1.732.184 euro bideratu zituen hauetara, eta ahalegin hori aitortzeko eta eskertzeko modukoa da. Udalak kudeatzen ditu laguntza hauek gizarte zerbitzuen bidez.
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentari dagokionez, 4.871 onuradun izan ziren iaz. Eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazioa Osagarriak, berriz, 2.175 onuradun. Lanbidek kudeatzen ditu baliabide hauek.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak aipatuko ditugu azkenik. Donostiako Udalak 949.859 euroko diru ekarpena egin zuen iaz eskaera guztiei aurre egin eta laguntzak osatze aldera; bideratzen den diru kopuru osoaren %41,8. Guztira 2.270.430 euro bideratu ziren. Ondorengo koadroan azaltzen dira, behar ezberdinetara bideratu ziren kopuru ekonomikoen xehetasunak:
Gizarte ongizatearen argazki osatu bat izateko jarraian erakunde ezberdinen eskumen diren bitartekoen taula jasotzen da, bakoitzak zenbat onuradun dituen eta bakoitzera zenbat diru bideratzen den zehaztuz.