Alternatibaren bozeramaile eta EHBilduren parlamentari Oskar Matuteren partehartzea hurrendo igandean apirilak 26 Donostian aurkeztuko den “Bakerako Euskal Bidea” proposamenaren harira; gaztazka politikoaren ondorioei heldu nahi dion bide orria.
Hiru urte eta erdi joan dira Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin zenetik eta hiru egun beranduago ETA erakundeak bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat eman zuenetik. Albiste oso garrantzitsua eta erabat ilusionagarria izan zen euskal gizartearentzat, bakea eta elkarbizitza erdiesteko aukera parez pare irekitzen zitzaiolako Euskal Herriari.
Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian nazioarteko ordezkariek ezagutarazi zuten adierazpenean jasotzen zen lehen puntua zen ETAk jarduera armatua behin betirako amaitutzat ematea, eta hori eman zen, baina gainontzeko puntu eta edukien garapenik ez da eman.
Denbora honetan guztian euskal herritarrek agerian utzi dute bidea egiteko gogoa eta ilusioa, bakeari eta elkarbizitzari beren ekarpena egiteko asmoa. Baina euskal gizartearen borondate horrek horma gaindiezin batekin egin du topo: Espainiako eta Frantziako estatuen aldetik izan den jarrera itxi eta oztopatzailea. Konponbide integralerako baldintza berri eta eraikitzaileak eraikitzen joateko ez dute inolako aukerarik utzi. Hori nahikoa ez, eta euskal herritarren giza eskubideen aurka aritu dira. Modu ankerrean urratu dituzte herritarren giza eskubideak, azken hiru urte eta erdian ere bai.
Blokeo egoera honen aurrean, EH Bildun hausnarketa abiatu genuen, eta ondorioztatu dugu euskal gatazka politikoaren ondorioei aurre egiterakoan bide-orri adostua partekatzeko beharra daukala euskal gizarteak. Koalizioak berak eta berau osatzen duten alderdiek ere beren iritzia eman dute gai honen inguruan, baina dokumentu batean jasoa gabe genuen konpontzeke dauden gatazkaren ondorioak bere osotasunean bilduko dituzten arloak.
Jarrerak argitzeko eta kontrastatzeko beharra ikusten dugu EH Bildutik, horrek adostasunak bilatzea erraztuko duelako. Behar horri erantzuteko, gure eskaintza aurkeztuko dugu igandean, Donostian: Bakerako Euskal Bidea.
Joan den urtarrilean Irungo Ficoban aurkeztu genuen Euskal Bidea ekimenaren garapena da igandean aurkeztuko dugun Bakerako Euskal Bidea. Bata bestearen garapena izatean, filosofia bera daukate: euskal gatazka politikoaren ondorioak konpontzeko bide-orri gauzagarria da proposatzen duguna.
Garai politiko berriarekin, bakearekin eta konponbidearekin konpromisoa daukagun guztioi irekia den proposamena da gurea. Gurea ez da soilik alderdi politikoei begira egindako proposamena, herritarrei zuzendutakoa da. Gurea ez da proposamen itxia, ekarpena egin nahi duten guztiei irekia da. Argi daukaguna da gai honetan ere adostasun zabalak bilatu behar direla, eta jarrera eraikitzaile horrekin landu dugu gure proposamen hau.
Gatazkaren konponbide integralerako, bakea eta elkarbizitza erdiesteko, bide-orri bakarra proposatzen dugu. Atal edo errei ezberdinak ditu, baina guztiek proposamen bakarra osatzen dute. Lau erreiko bide-orria da EH Bilduk proposatzen duen Bakerako Euskal Bidea.
Jatorri politikoa duen gatazkaren ondorioei aurre egiterakoan, lau dira, gure ustez, jorratu beharreko arloak: biktimak eta memoria, zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera, armagabetzea eta desmilitarizazioa. Gai bakoitzak bere trataera propio eta zehatza izan behar du, baina lauek elkarren arteko harreman zuzena izanda, osotasunean hartu behar dira, bide-orri bakarra osatuz.
Euskal gatazkaren ondorioen konponbiderako proposamen egingarria eta logikaz beteak dira proposatzen ditugunak; baina gure jarrera eraikitzailea eta irekia izanik, euskal herritarrekin, eragile politikoekin eta sozialekin partekatu eta adostu nahi ditugu edukiak, bidea elkarrekin marraztu eta egin nahi dugu. Azken urteotan ageri-agerian geratu da Madrildik eta estatuko egituretatik ez zaigula inoiz erantzun baikorrik etorriko.
Horrenbestez, euskal gizarteari dagokio bidea zehaztea eta bidea egitea eta, zentzu horretan, EH Bilduk ekitaldi politikoa egingo du hurrengo igandean Donostian, gure proposamena aurkezteko.