Jagovad Buchra, Mohammed Fares, Ossama Elhjjami, Alba Fatuarte -Alternatibako kidea- eta Joseba Martinek aurkeztu dute, gaur goizean, Bilbo kulturen arteko bizikidetzari toki egingo dion hiri bihurtzeko helburu duen ekinbidea.
Bilbotarren ia heren bat Euskal Herritik kanpo dator. Datu honek erakusten digu hiri hau osatzen dugun pertsonen arteko aniztasuna aberatsa dela, oso. EH Bilduren ikuspegitik, Bilbo hiri abegitsua izan behar da. Ildo horretan, Kultura Aniztasunaren Bulegoa sortzea proposatzen dugu, pertsona guztien eskubide sozial, zibil eta politikoak bermatzeko eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako eta elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko politikak garatzeko.
Beste jaruera ildo batzuen artean, Kultura Aniztasunaren Bulegoak, ONGI ETORRI ZERBITZUA abian jarriko luke. Zerbitzu horrek gure hiriko edozein pertsonak dituen eskubideak eta betebeharrak eskuratzeko tresnak eskainiko dizkie iritsi berriei, haien jatorria edozein dela ere.
- Hala, zerbitzu horretatik herritar berri horien harrera eta informazio beharrei erantzungo zaie. Batetik, hirian dauden eta iritsi berriek erabil ditzaketen baliabide komunitario guztiei buruzko informazioa emango du (hiriari buruzko informazio orokorra, non erroldatu, osasun zerbitzuen kokapena, baliabide ludiko eta kulturalak…).
- Herritar berrientzako harrera protokoloa egingo du, eragile sozial guztiak eta instituzioak inplikatuz.
- Oinarrizko gizarte zerbitzuekin koordinatuko da, herritar berriei osasungintzarako, hezkuntzarako eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea errazteko.
- Berdintasun Sailarekin batera, emakume migratzaileen behar espezifikoei erantzuteko programak garatuko ditu: gizarte baliabideei buruzko informazioa, prestakuntza ikastaroak, laguntza komunitarioa eta eraso matxisten kontrako babesa, besteak beste.
- Euskara Sailarekin batera, doako ikaskuntza programak abian jarriko dira euskara ikasi nahi duten helduentzat. Batez ere, euskarazko ereduan ikasten ari diren seme-alabei lagundu nahi dieten gurasoentzat.
Azkenik aipatzea, Kultura Aniztasunaren Bulegoa eta Ongi Etorri Zerbitzua proposatzen dugula, besteak beste, 2012ko otsailean Bilboko Udalak egindako murrizketa sorta baten ondorioz, Inmigrazioko Udal Zerbitzua itxi egin zelako. Hain zuzen ere EH Bilduk salatu egin zuen murrizketa hau.