Neurri batean Europar Batasunaren politika militarraren eta ekonomikoaren ondorioz Mediterraneoan gertatzen ari den migrazio-genozidioak asaldaturik, EH Bilduk Afrikatik ihesean Europara iristen saiatzen diren pertsonen egoera larri eta jasanezina salatzeko adierazpen instituzionala proposatu zien gainerako legebiltzar-taldeei. Hala ere, EH Bilduk egiaztatu du Mediterraneoan ehunka pertsona itota hiltzea berdin zaiela, antza, alderdi guztiei, batek ere ez baitu inolako interesik azaldu proposamen horrekiko. “Gure proposamena jaso ondoren, erantzun ere ez dute egin”, deitoratu du Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak. “Talde horientzat bizitza guztiek ez omen dute balio berbera, duela gutxi Alpeetan hegazkin bat erori zenean oso era ezberdinean jokatu zutelako”.
EH Bilduren iritziz, Gasteizko Legebiltzarra ezin da mutu geratu azken egunotan Europako kostaldean Afrikatik zetozen ehunka pertsona (1.600 baino gehiago urtean zehar) hil direnean. Urreak adierazi duenez, “ezinbestekoa da Europar Batasunak (EB) heriotza horiekiko duen erantzukizuna agerian jartzea, EB pertsona horiek abandonatu eta hiltzen uzten ari baita, segurtasunaren izenean giza eskubideen defentsa erabat alboratu duelako”.