Hitzetatik ekintzetara igarotzeko ordua da, euskarari dagokion espazioa eta estatusa emango dioten politika ausartak behar ditu Bilbok. Eta bide horretan urrats sendo eta atzeraezinak egiteko, EH Bilduk proposaturiko bide orriak jasotzen dituen proposamenak aurkeztu dituzte gaur Alba Fatuarte, EHBilduko zerrendakide eta Alternatiko kideak, eta Xabier Landabide hautagaiak, 40 urteren ondoren berpizturiko Gabriel Arestiren laguntzaz.
Euskalduntasun urbanoa garatzeko bidean, ezinbestekoa izango da politika ausarta egitea, integrala, lehen mailakoa, tamaina horretako inbertsioak eginez. Horregatik, Euskara Saila Alkatetzatik bertatik kudeatzea planteatzen dugu. Eta Euskara sailaren jardunbide osoa gainerako sailetan txertatzea.
Euskararen Plan bat diseinatu eta garatuko dugu horretarako. Plan horren urratsak ondoko hauek izango dira: Bilbon bizi garen 90.000 euskaldunon eta ikasten ari diren guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen Euskararen Ordenantza sortzea, euskalgintzako komunitateko eragileek eta udaleko ordezkariek osaturiko batzordea eratzea eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko programak abian jartzea.
Euskararen Mapa egitea planteatzen dugu, halaber. Arnasguneak identifikatzeko eta horiek babesteko eta indartzeko batetik; eta Bilbon euskararentzako espazio berriak sortzeko prozesuak diseinatzeko, bestetik. Azken horren barruan sartuko genuke euskararen ezagutzarako behar adina inbertsio egitea. Hau da, dauden baliabideak indartzea eta falta direnak ezartzea, kontzientziazio kanpainen bitartez gero eta bilbotar gehiagok egin dezaten beren burua euskalduntzeko hautua, eta horretarako aukera eta laguntza zabala eta erreala izan dezaten.
Euskaraz ikasteko aukera, auzo guztietan. Gezurra dirudien arren, euskarazko hezkuntzarako eskubidea ez dago bermatua Bilboko auzo guztietan. Otxarkoagan, esaterako, ez dago euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duen hezkuntza zentro bakar bat ere. Horrenbestez, egungo auzoen beharrei erantzunez, Eskola Mapa berritzea planteatzen dugu, euskaraz ikasteko eskubidea ziurtatuz halaber.