Alternatibako kide eta Gipuzkoako Gizarte Politika Diputatu Ander Rodriguezek gogora ekarri nahi izan du Gipuzkoak EAEko langabezia tasa txikiena eduki arren -%12,1- adindu eta kualifikaziorik gabeko langabeen zifra hazi egin dela herrialdean. “Langabetuen artean, hirutik batek 50 urte baino gehiago ditu, 15.380 pertsona, alegia”, azaldu du Rodriguezek.
Gizarte Politikako diputatua ere denak salatu du Lanbide ez dela “lana aurkitzeko tresna eraginkorra” eta gaineratu du Euskadin gauzatzen diren kontratuen %2an baino gutxiagoetan bakarrik bitarteko dela Lanbide. Horregatik, eta “Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena ez izan arren”, EH Bilduk proposamen hau jarri du mahai gainean. “Kualifikaziorik gabeko pertsonen artean gainera, errealitatea are larriagoa da, langabezian dauden adinduen %68a baitira. Eta, beti bezala, emakumeak dira kaltetuenak. Horietako askok, etxeko lanetan aritu dira eta orain, krisiaren ondorioz, kualifikazio baxuko merkatuan beste lan bat bilatu behar izan dute”, adierazi du Rodríguezek.
EH Bilduk “adindu langabetuak merkaturatzeko programa berezia” proposatu du. Gaur goizean, Donostiako Antiguo auzoan dagoen Lanbideren bulegoaren aurrean izan den prentsaurrekoan, EH Bilduren hautagaiak Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko, Xabier Olano, eta koalizioko bozeramaileak, Ander Rodriguezek, plan horren ildo nagusiak aurkeztu dituzte, zeinek helburu bezala duen “adindu langabetuak merkaturatzea, bereziki, kualifikazio txikia dutenak, lana lortzeko arazo larriak baitituzte”.
Olanok adierazi du “50 urte baino gehiago dituzten epe luzeko eta kualifikaziorik gabeko langabeek osatzen duten kolektiboa gizarte-bazterketaren arriskuan” dagoela. Horri aurre egiteko, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak bost neurrietan oinarritzen den programa aurkeztu du.
Alde batetik, EH Bilduk formakuntza jardunaldiak proposatu ditu. Olanoren esanetan, “pertsona horiek lan merkatura itzultzeko zenbait sektore” identifikatu dituzte eta horien inguruko formakuntza jarduerak martxan jarriko dituzte kolektibo horrek lan merkatura itzultzeko aukera handitzeko. Garbiketa, enplegu berdea -adibidez, hondakinen kudeaketan-, ostalaritza, azpikontratazio industriala eta enplegu zuria -pertsonen zaintza- dira Olanok azaldu duenez aukera gehien duten sektoreak.
Gainera, hautagaiak koletibo horren merkaturatzea ahalbidetzeko pizgarri eta hobariak ere proposatu ditu. Baita, lanpostu berriak sortzeko borondatezko lanaldi murrizketak sustatu eta gizarte klausulak aplikatuko dituztela esan du Olanok. Modu berean, EH Bilduk sektore horren diskriminazioaren aurkako sentsibilizazio kanpainak ere martxan jarriko dituela iragarri du.
Azkenik, Olanok adinduentzako “merkatu babestu” bat sortzea proposatu du: “Potentzial izugarria izan dezakeen neurri berritzailea proposatu nahi dugu. Kualifikaziorik gabeko adineko langabetuentzat, bereziki epe luzekoentzat, merkatu babestua sortzea proposatzen dugu, enpresa, gizarteratze-zentro eta enplegu lantoki berezien eskutik”.