Donostiako Bretxan izan gara, eraikin hau EH Bilduren politika egiteko moduaren adibide argia da; interes pribatuen esku utzi zen espazio publiko hau auzotarrentzat berreskuratu dugu. Hori da 24ean egin beharreko aukera nagusia: herritarren interesak defendatzen dituen eredua, edo gutxi batzuen interes eta pribilegioak defendatzen dituena. Horren inguruan aritu dira Alternatibako kide eta Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu Ander Rodriguez, Donostiko alkete Juan Karlos Izagirrerekin batera.
Hemen bildu gara gaur, Gipuzkoako eta Donostiako EH Bilduko hautagaiak, herritarren eskubidea diren zerbitzu publikoen defentsan. Defendatzen ditugu zerbitzu publikoak, kalitatezkoak, duinak bai erabiltzaileentzat bai langileentzat, eta gertukoak, gure herri eta auzoetan. Horretarako, pribatizatuta dauden espazioak eta zerbitzuak berreskuratu nahi ditugu, izaera publikoa bueltatu eta herritarren mesedetara jarri.
Badakigu zein eredu nahi duen Troikak, hau da, PP, PNV eta PSEren aliantza, lobby pribatuen konplizitatearekin. Inposatu nahi diguten politika neoliberalak ondorio larriak ekarri ditu jada, eta, tamalez, okerrera egingo dute, zerbitzu publikoen eta lan baldintzen kalterako. Eskuinaren azken helburua zerbitzu publikoak suntsitzea eta esku pribatuetan jartzea da, beti ere krisia aitzakiatzat hartuta.
Pertsonen miseria ekarri duten politiken aurrean; merkatuen txotxongilo diren gobernuen aurrean, eredua errotik aldatu beharra dago. Lehenik, gehien sufritzen ari direnen alde aritu behar dugu, murrizketa sozialak alboratuz eta politika sozialari merezi duen indarra emanez.
Atzera egin nahi duen eskuinaren aurrean EH Bilduk zerbitzu publikoen eta gizarte zerbitzuen defentsa sutsua egin du eta egingo du foru gobernutik eta udaletatik. Ongizate Estatuaren zutabe nagusiak Hezkuntza, Osasuna eta Gizarte Zerbitzuak dira. Eta mehatxatuta daude, eraso bortitzak eta murrizketa onartezinak pairatzen ari dira PNV, PSE eta PPren eskutik.
Ongizatea desegiten eta pribatizatzen ari diren honetan, zerbitzu publiko eta unibertsalak bermatzea ezinbestekoa da. Horregatik, legegintzaldi honetan, EH Bildu sutsu aritu da, eragile desberdinekin eta herritarrekin elkarlanean.
Gogora ekarri nahi dut Diputaziotik Lurraldean egiten ari garen gizarte zerbitzuen eredu aldaketa. Urte luzeetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak pribatizazioan eta azpikontratazioan oinarritutako zerbitzu publikoen kudeaketa eredua diseinatu du. Foru Gobernu honetan, EH Bildun, aldiz, gure zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzena defendatzen dugu eta horretan sinisten dugu, bai eta gure konpetentzia diren ardurak Administrazioak guztiz bere gain hartzea ere. Horregatik, transformazio prozesu batean gaude.
Baina dugunari eusteaz gain, herrialde ikuspegitik herritarrei gizarte arreta duina eta osoa eskaintzeko aurrera jarraituko dugu. Ildo horretan, populazioa gero eta gehiago zahartzen ari den honetan, adinekoei begirako zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, eta horiek zabaltzen jarraituko dugu.
Juan Karlos Izagirre: Donostian bezala herritarren interesak defendatzea edo gutxi batzuen pribilegioak defendituz aritzea, horixe aukeratu behar dugu 24an
Zer gertatu zen Bretxan? Sinple eta labur azaltzen saiatuko naiz.
Duela urte batzuk jada, Donostiarena zen espazio publiko hau interes pribatuen esku jarri zen. Guztion interesera bideratu beharrean, gutxi batzuen interesak asetzera bideratu zen eraikin publiko bat. Auzo honetan askok gogoratuko duzue nola, herritarren protesta artean onartu zen operazio hura.
Orain, urte batzuk igaro eta gero, esku pribatuetan zegoen espazio hura, hiriarentzat berreskuratu dugu. Espazio publikoa, donostiar guztion ondarea, herritarren oinarrizko zerbitzuak betetzeko berreskuratu dugu.
Eta herritarrak, auzoko bizilagunak, pozik daude eman dugun urratsarekin. Pozik, orain, auzotarren oinarrizko beharrak asetzera bideratuko delako hemen atzean dugun eraikin hau.
Bretxan gauzatzea lortu dugun aldaketak, hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu Donostiarentzat eta auzoarentzat.
Auzotarrek urte luzetan aldarrikatu dituzten zerbitzuak izango dituzte behingoz eskura: Osasun zentroa egongo da bertan , kirol gunea… Zorionak, beraz, urtetako aldarrikapena gauzatzea lortu duzuelako.
Gauzak egiteko bi modu, hiria kudeatzeko bi eredu ikusten ditugu Bretxako eraikin honen ibilbidearen atzean.
Erabakiak auzoarekin batera hartu edo honi bizkarra emanez egin.
Herritar guztien interesei begira gobernatu edo gutxi batzuen interesei begira egin.
Zerbitzu eta baliabide publikoak indartu edo beste hainbat lekutan ikusten dugun moduan, guztiona dena esku pribatuetan utzi.
Guk argi dugu zein den gurea. Gauzak beste era batera egin daitezkeela ongi frogatzen ari gara Donostian. Eta ez hori bakarrik, beste era batera kudeatuz emaitzak hobeak direla ikusten ari gara etengabe. Bretxan lortu duguna, horren adibide argia da ere.
Eta maiatzaren 24an bi eredu horien artean aukeratu behar dugu donostiarrok. Abiatu dugun politika eredu berrian aurrera egin edo betiko eredura itzultzea aukeratuko dugu. Donostian bezala Udaletik politika behetik gora, herritarren interesak aurrera eramanez egitea, edo beste leku askotan ikusten dugun moduan, gutxi batzuen interes eta pribilegioak defendituz aritzea. Horixe aukeratu behar dugu maiatzaren 24an.
El 24 de mayo los y las donostiarras elegimos entre dos modelos. Entre avanzar en un nuevo modelo o volver a lo de siempre. Entre el modelo de Donostia de hacer política de abajo arriba, defendiendo los derechos e intereses de las personas o como en otros muchos sitios, defendiendo únicamente los intereses y privilegios de unos pocos. Eso es lo que elegimos el día 24.
Guztion interesak defenditzen dituen eredua babestera deitzen ditugu herritarrak; gehiengoaren indarrak elkartuz soilik lortuko dugulako gehiengoaren interesak ondo babestea.
Animo eta aurrera. Donostia bizi, koloretsu eta konprometitua egunez egun irabazten ari gara eta!